"Ekarri argindarraren eta gasaren fakturak eta egokiak diren ikusiko dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 13a, 08:26

Usurbilgo Udalak abian du doako energia aholkularitza zerbitzua. "Udaletxean bertan zein “herri-auzoetan eskainiko du”. Zerbitzu ibiltaria izango da.

"Ekarri argindarraren eta gasaren fakturak, eta egokiak diren ikusiko dugu". Argindarraren fakturei nahiz energia berriztagarriei buruzko informazioa edota zalantzak argitzea izango du bere zereginen artean Usurbilgo Udalak urtarrilaren 22an abiarazitako energia aholkularitza zerbitzuak.

Zerbitzu hau zereginotarako kontratatu duen klima eta energia trantsiziorako teknikariak eskainiko du. Duela hiru urte ere energia teknikaria kontratu zuen udalak. “Orduko hartan, gazteen lehenengo lan aukera eskaintzeko programa baten bidez kontratatu zuen, bederatzi hilabeterako. Oraingoan, berriz, lehen lanbide esperientzia izateko programak finantzatzeko Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitako dirulaguntza baten bidez finantzatu du zati batean, baliabide propioak jartzeaz gainera, urtebeterako. Orduan bezala, oraingoan ere herritarrei begirako aholkularitza zerbitzua ez ezik, udalaren eta udal ekipamenduen energia kontsumoa kudeatzea izango da klima aldaketa eta energia trantsizio teknikariaren lana”.

Kontratazio hau, eraldaketa betean den Udalean “egungo erronkei tokitik erantzun ahal izateko” lau misioetako baten baitan kokatua dago; trantsizio ekosozialarenean.


Herri-auzoetan
Egungo teknikariak besteak beste, energia aholkularitza zerbitzua eskainiko du. “Zerbitzu horren bidez, batik bat, herritarrek argindarraren fakturei buruz zein energia berriztagarriei buruz izan ditzaketen zalantzak argitu ahal izango dituzte”. Ordu eta lekuotan eskainiko du Udalak doako energia aholkularitza zerbitzua, astelehen honetatik aurrera:
-Udaletxean: asteartetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara.
-Energia aholkularitza zerbitzua, herri-auzoetan:

Astelehenetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
-Zubietan (Kaxkapen): hilabeteko lehenengo astelehenean.
-Santuenean (auzo elkatearen lokalean): hilabeteko bigarren astelehenean.
-Aginagan (Pintura gelan): hilabeteko hirugarren astelehenean.
-Kaxkoan (Potxoenean): hilabeteko laugarren astelehenean, 09:00etatik 13:00etara udaletxean; 16:00etatik 19:00etara, Potxoenean.

Hitzordua hartzeko: 943 37 19 51 / iromero@usurbil.eus