Kulturaldia

"Tapia-Leturiatarrak topera iritsiko gara Aginagara"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 14a, 10:09

Tapia eta Leturia bandak askoren memorian iltzatuta dauden kantak berreskuratu ditu, eta osagai eta berrikuntza ugariz jositako proposamen artistiko berria dakar.

Aspaldiko partez, Tapia eta Leturia taldearekin batera ari zara batetik bestera. Oker ez bagaude, itzulera honen lehen saioa iazko ekainean izan zen. Aristerrazuko (Aia, Gipuzkoa) erromeria denboraldiaren amaieran. Akaso hor piztu zen berriz elkarrekin aritzeko grina eta ondoren etorri dira gainerako kontzertuak?
2007an geldialdia egitea pentsatu genuen, nekatu bat hartuak geunden erromeriekin eta kontzertuekin. Gainera, nire bakarkako proiektu berriak sortzeko tartea behar nuen eta horri ekin nion. Gure alaba zaharrena jaio zen urte horretan eta aldaketa garaia iritsi zitzaigun. Dena den, eszenatokien nekeak ez zuen luzaroan iraun eta berriz ere tranpaldora igotzeko beharra berehala etorri zitzaidan. Dantzaldietan gozatzen eta gozarazten ikasi genuen; gozamena da jendea dantzan jarri araztea. Leturia eta biok urte luzetan horretara dedikatu gara eta berriro itzuliko ginela bagenekien.

Garai bateko kantak berreskuratuko dituzue. Dena den, 10 musikariz osaturiko taldea igoko zarete Aginagako Eliza Zaharreko oholtza gainera. Musikari hauek zer nolako ekarpena egin diote Tapia eta Leturiaren errepertorioari?
Beste modu batera preparatu ditugu kantuak, metalez eta ahotsez lagundurik. Halako festa handi bat lortzen dugula esango nuke guztion artean. Aspaldiko nahia da horrelako soinu banda bat osatzea. Bagenituen erreferentziak gu bezalako dantza talde herrikoiena eta oso nahasketa interesgarriak egiten zituztenak tradizional dantzak eta moldaketa modernoekin nahasturik. Geroztik, ikasten eta probatzen jardun ondoren, azkenean ausartu gara eta hemen gatoz Tapia eta Leturia banda jantzi berriekin.

Iaz “itzuli” zinetetik hona, hainbat saio eskaini dituzue. Hortaz, sasoi betean iritsiko zarete Aginagara. Gustuko al duzu Eliza Zaharra? Festa giroa pizteko osagai egokiak ditu, ezta?
Gure amonak ni apaiz izatea nahi omen zuela jakin nuen eta hara! Azkenean sermoia eman behar dut Aginagako Eliza Zaharrean kar, kar, kar...Toki egokia dela uste dut, bai sonoritatez baita tamainaz ere. Kontzertu zenbait egin ditugu jadanik formatu honetan eta topera iritsiko gara Aginagara Tapia-Leturiatarrak. Ordu eta erdiko kontzertu erromeria bat osatuko dugu. Fandangoak eta arin-arinak dantzatu nahi dituenarentzat ere tarte bat egingo dugu; proban jarriko ditugu eskuak gora jasotzera ausartzen direnak.

Denboraren poderioz, Tapia eta Leturia erreferentzia handia bilakatu da musikari askorentzat. Emanaldiez gain, Tapia eta Leturiaren disko berririk aurreikusi al duzue? Ala emanaldietara bakarrik mugatuko da itzulera?
Oraingoz lehengo kantu zaharrekin abiatuko gara. Gogoratu nahi ditugu garai bateko gure exitoak, denbora asko pasa denez ea lehen bezalako arrakastarik sortzen duten zuzenean. Norberak bere kantuen aldaerak egitea ariketa polita da. Berrikuntzek askotan jende berria erakarri lezakete (edo lehengoak uxatu...) Arriskua hartzea komeni da. Disko berririk etorriko den aurreikusteko goizegi da oraindik. Makinaria olioztatu behar da horretarako, eta horretan ari gara.

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Aginaga Eliza Zaharra elkarguneak antolatu dute larunbat honetako emanaldia. Azkenaldian halako sinergia sortu da herriko taldeen zein kulturzaleen artean. Kulturgunea da horren lekuko. Usurbilen garatzen ari den mugimendu hau jarraitzen ari al zara? Ze inpresio duzu?
Sortzaile talde interesgarria dago Usurbilen, giro ona elkarren artean, lanerako gogoa, irudimena eta ausardia ere ez da falta. Bileretan izan naiz eta gustatzen zait markatu duten dinamika. Zalantzak baditut eraikin berriari buruz baina hasi baino ez gara egin eta ikusiko dugu zer bide egiten duen. Nolanahi konfiantza ematen didate gazte horiek, beraien ondoan ibiltzea gustatzen zait.

Erromeria larunbatean
Otsailak 17 larunbata
• 22:30ean, Aginagako Eliza Zaharrean.
• Sarrerak aldez aurretik salgai 12 eurotan usurbilkultura.eus webgunean. Bazkideek 10 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.
• Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.