Telebista soilik bereizmen handian ikusgai gaurtik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 14a, 18:00

Lurreko Telebista Digitala (LDT) bereizmen handian ("HD" sisteman) baino ezingo da ikusi gaurtik aurrera. "SD" edo bereizmen estandarreko telebista kateak ikusteari utziko diogu honenbestez. 

Heldu da, azken aldian iragartzen aritu diren eguna. Gaurtik aurrera, telebista "SD" sisteman ikusteari utziko diogu. Aurrerantzean, soilik "HD" sisteman edo bereizmen handian sintonizatu ahalko dira telebista kateak. Desagertu egingo dira, beraz, orain arte "SD" edo bereizmen estandarrean ikusgai egon diren kate guztiak.

Iturri ofizialen arabera, telebista gehienak, %98a, bereizmen handiko ("HD") telebista kateak ikusteko prestatuak daude. Kasuotan, telebista kateak berrantolatu baino ez dira egin beharko; agian, kasu batzuetan, zenbait kate berriro sintonizatu ere bai. Horretarako, ordea, telebistak modu horretan ikusteko prest egon beharko du. Hala ez bada, alegia, zure telebistak "SD" sistema baino ez badu onartzen, deskodegailu edo sintonizagailu bat instalatu beharko duzu.

Telebista ikusteko bi sistema hauen artean dagoen ezberdintasuna, hobekuntza da. "HD" bereizmen handiko irudia kalitate hobeagokoa da, baita soinua ere. 

Urrats honekin, Lurreko Telebista Digitala bereizmen handira igarota, adituen esanetan, ikus-entzunezko bitarteko honen modernizazio prozesua amaituko da.

Itzalaldia aurrez martxan
Orain arte ikusgai ziren bereizmen estandarreko ("SD" sistemako) telebista kateak itzaltzen hasi dira egunotan. Esate baterako, Radio Television Españolako (RTVE) "SD" sistemako kateak iragan astean hasi ziren itzaltzen baita Euskal Irrati Telebistakoak (EITB) ere. Gauza bera egitekoak dira Mediaset eta Atresmedia enpresak asteazken honetan, otsailaren 14an, egokitzapen hau egiteko finkaturiko epealdia agortuko den egunean hain zuzen.