650 Usurbil Bizi

Zumeta eta Chillida berriz elkartuko dituzte, bisita gidatuen bidez

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 14a, 15:16

"Usurbil Museo Irekia" ekimenak eta Chillida Leku museoak bat egingo dute bi bisita gidatu bateratu eskaintzeko, Chillida jaio zenetik ehun urte eta Zumetaren frontoi atzeko muralak 50 urte bete dituen honetan.

Kultur sorkuntzaren alorreko bi urtemuga gurutzatzea erabaki dute gaur Potxoenean aurkezturiko egitasmoko sustatzaileek. Izan ere, ehun urte bete dira Eduardo Chillida jaio zenetik eta mendeurren honetarako hamaika ekimen antolatu dira, bera omendu eta bere ondarea ere balioan jartzeko. Bestalde, Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralak ere 50 urte bete ditu. Bi urteurrenok uztartuko dituen egitasmoa aurkeztu dute asteazken honetan Potxoenean, Usurbilgo Udalak eta Chillida Leku Museoak. 

"Usurbil Museo Irekia" herri honetako kaleetako kultur sorkuntzan barrena bidaiatzea ahalbidetzen digun ekimenak eta Chillida Lekura bisitak bat egingo dute laster. Biak uztartzen dituen bi bisita gidatu berezi antolatu dituzte otsailaren 25erako eta martxoaren 23rako.

Xehetasunak gaur goizean eman dituzte aditzera sustatzaileek; Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Chillida Leku museoko garapen arduradun eta Eduardo Chillidaren biloba Mikel Chillidak eta 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren dinamizatzaile Ines Azpiazuk. 

Bi artisten ekarpena nabarmentzeko
Solaberrietak iaztik martxan diren frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga ekimenen baitan kokatu du egitasmo berri hau. Gogora ekarri duen moduan, iaz Zumetaren horma-irudiaren kontserbazio lanak bideratu zituzten, haren sorkuntza prozesuari buruzko erakusketa ireki, Kulturguneak antolaturiko Xumetik herri jaialdia ospatu edota Oskar Alegriaren zuzendaritzapean "Zumeta 23" film laburra grabatzearekin batera. Aurtengorako, apirilerako iragarri dute azkeneko ekimena, beste erakusketa bat; kasu honetan, "Zumetak eta Usurbilek eta usurbildarrek izan duten lotura artistiko hori erakutsiko duena". 

Aurretik, gaur aurkezturiko egitasmoari bide emango diote. "Denok dakigu bide oparoa egin duela, nork beretik bai Chillidak eta Zumetak eta euren ibilbideetan inoiz topo egin zutela, esaterako Gaur taldean", alkateak oroitarazi duenez. Gogora ekarri nahi izan duenez, "Gaur taldea 1965 amaieran sortu zen, diktadura frankista zela eta, kulturari bide emateko helburuz. Asmo horrekin bildu ziren artista horiek guztiak. Erakusketa eta manifestu bat ere kaleratu zuten. Egia da ez zuela luze iraun mugimendu hark baina mugimendu haren parte izan ziren artistek artelan handiak utzi zituzten, gure artean oraindik irauten dutenak".

Horregatik, zioenez, lerrootako bi urtemugek eskainitako aukera baliatu nahi izan dute, "bi artistak berriro uztartu eta bisita gidatu baten bidez euren obrak ezagutzera eman, aitortu, balioan jarri eta batez ere, egindako lan hori guztia balioan jartzeko, guretzako obrak hilezkorrak direlako, betirako gelditu diren lanak direlako eta ondorengoei dagokigulako hain justu ere hori bermatzea".

Eskerrak eman nahi izan dizkio Chillida Lekuko ordezkariari gaur aurkezturiko egitasmoarekin bat egiteagatik. "Zinez espero dut, izan dadila bide oparo baten hasiera bat".


"Proiektu ederra da eta bera seguru oso pozik egongo zen"
Bisita gidatuotan ikusi ahalko ditugun kultur altxorrak nabarmendu ditu Mikel Chillidak. Izan ere, "horrek artearengandik gertu egoteko aukera ematen digu". Gai honi buruz duen ikuspegia azaldu du Potxoeneko aurkezpenean. "Gizarteak mugitzen dira, ez daude inoiz geldirik, eta arteak gauzak berriro begiratzeko eta nolabait, hezteko aukera ematen digu", bere esanetan, esaterako, bai Usurbilen nahiz Chillida Lekun dagoen ondarearen bidez. Bi eremuak elkarren artean hain gertu egonda, "aukera ederra da bat egiteko", eta ondorioz, "geure ateak ireki eta artea partekatzeko".

Usurbilgo kaleetan ditugun artelanei erreparatuta, aitona ekarri nahi izan du gogora. Izan ere, "aitonak ere lan handia egin zuen arte publikoaren alde", hain ohikoa ez zen garaian. Izan ere, egun kaleetan sorkuntza lan edo arte adierazpen ezberdinekin topo egitea erraza da, baina oroitarazi nahi izan duenez, duela sei edo zazpi hamarkada ez.

Garai hartan, Chillida bera edo Zumeta bezalako artistek eginiko lana gogora ekartzea gaur aurkeztu duten proiektuaren bidez, pozgarritzat jo du Chillidaren bilobak. "Zorionak ematen dizkizuet. Proiektu ederra da eta bera seguru oso pozik egongo zela hau aurrera eramateagatik".

Oroitu nahi izan duenez, "aitonak beti hitz egiten zuen mugei buruz. Mugak zertarako daude? Zeharkatzeko. Orain, hemen bost kilometrotara aukera izatea hainbat artista ikaragarriren artelan ikusteko Euskal Herriko hamabosgarren mendeko baserri baten barruan, sekulako aukera da. Eta museoko ateak herri honi irekitzea oso aukera polita da. Denok gure ikuspegi berriak izango ditugu gauza berdinei begiratzeko. Chillida Lekuren izenean, eskerrik asko".