Euskal Herriko Mus Txapelketako herri mailako saioa, otsailaren 23an

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 15a, 09:36

Gipuzkoako finalera sailkatzeko proba otsailaren 23an jokatuko da Aitzaga elkartean.

Usurbilen zaletasun handia dago musaren bueltan. Zaletu hauek gustura hartuko duten albistea segidan. Herrien mailako lehenengo fase betean da Euskal Herriko 15. Mus Txapelketa. Ohi bezala, Usurbilen ere jokatuko da. Udalerri mailako sailkapen proba otsailaren 23rako iragarri dute, gaueko 22:00etan hasita Aitzaga elkartean. 21:30-22:00 artean bideratu beharko da izen-ematea. Hitzordua Aginaga eta Saizar sagardotegiek eta Bruño marisko etxeak lagunduko dute. Sagardotegiko bina lagunentzako otorduak eta 10 kilo txangurru eskainiko dituzte. Usurbilen sailkatutako bikoteek Gipuzkoako kanporaketa jokatuko dute martxoaren 9an, 15:00etan hasita Iruran. Han nagusitzen direnek martxoaren 23an Zuberoako Altzain jokatuko den final nazionalera igaroko dira. Hamabosgarren edizioan, 50.000 euro banatuko ditu saritan Euskal Herriko Mus Federazioak. 

Zazpi herrialdeetako 220 herrietan
Bi milatik gora bikoteek parte hartzen dute urtero ekimen honetan. Iaz, "finalean, lehia azkarra izan zen Nafarroa Garaia eta Behe Nafarroaren artean, azkenean txapelak Irisarrira joan ziren". Ea aurtengoan zer gertatzen den.

Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen du ekimen hau. "Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion. Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu".

Federazioaren txapelketak Euskal Herri mailako zazpi herrialdeetan du hedapena, tokian tokiko herritar talde antolatuen eskutik. Hala, 220 herritan jokatzen da. "Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei  lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa".


Euskal Herriko 15. Mus Txapelketa
Faseak:

-Otsailak 23, ostirala: 22:00 Herri mailako saioa Aitzaga elkartean. 21:30etan izen-ematea.
-Martxoak 9, larunbata: 15:00 Gipuzkoako finala Irurako frontoian.
-Martxoak 23, larunbata: Euskal Herriko finala Zuberoako Altzain.

Sariak irabazleentzat
-Usurbilgo saioan: bina lagunentzako otorduak Aginaga eta Saizar sagardotegietan eta Bruño marisko etxeko 10 kilo txangurru.
-Finalean, 50.000 euro baino gehiago sariotan:
Txapeldunak: Txapela, garaikurra, 3.000€ eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne).
Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne).
3. bikote sailkatua: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
4. bikote sailkatua: 500€ eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
5.etik 8.era sailkaturiko bikoteentzat 250€.
9.etik 16.era sailkaturiko bikoteentzat 100€.
Herrialdeko finaletan: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
Parte hartzaile bakoitzarentzat: kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.

Informazio gehiago, ehmus.eus atarian.