Udaberri partekoen zain, agurtu berri ditugu negu parteko ospakizunak. Gabonen osteko zikloari buruz ari gara; urtarrilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperako danborrada saioak izan genituen ikastetxeetan. Aurtengoan, igandearekin egokitu den Santa Ageda bezperako kantu-jira ospatu zen baita. Oraingoan, estreinakoz, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik, Egurtzegitik abiatu zen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolaturiko hitzordua. Aitor Agirre herrikidea aritu zen koplatan. Birak Egurtzegirekin batera, Artzabal eta Mikel Laboa izan zituen geltoki.
Handik astebetera heldu zen, azkenik, iragan asteburuan alegia, herri hau mozorro festa koloretsuan janzteko unea. Ikastetxeek eman zuten lehen urratsa; unibertsoan barrena bidaiatzeko aukera eman zuen Aginagako eskolak edota Udarregi ikastolak zine izarrak ekarri zizkigun, eta ogibide ezagunei gorazarrea.
Bilduma
Orbeldikoek, aurtengoan euskal inauteri propioa sortzeko lehen urratsak eman zituen herrian barrena plazaratu zuen "Urderen etorrera" kalejirarekin. Biharamunean, aldiz, fauna herrian bilakatu zuen NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Inauteri Festak. Goizetik goizaldera, denetariko animaliez eta hauen inguruko pertsonaiez bete zuten herria herrikideek eta hainbat karrozek. Orbeldik girotu zuen goiz partea dantza giro bizian, Burrunbazale txarangak kalean jarraika izan zuen gora eta behera herritar uholdea. Azkenik, Itzal musika taldeak frontoia gautxoriz bete zuen.
Negu hasiera-hasierako eguberrietako ekitaldietako irudiak "Gabonak 2023" kanalean bildu genituen moduan, azken asteotako festa giroko ekimenak "Neguko ospakizunak 2024" izenekoan batu ditugu.