Gipuzkoako Pentsiodunak

"26.000 milioi irabazita ere, banku handiak kexuka"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 22a, 08:52

Banku handiek irabazitako mozkinak salatu ditu Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak berriki eginiko mobilizazioetan. Horrez gain, Euskal Herri mailako bilguneak "Bertsopentsiotan" ekimena iragarri duela berri eman du.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak "Bertsopentsiotan" ekimena iragarri du martxoaren 1ean Tolosan. 300 bat lagunen parte hartzea erakarriko dutela aurreikusi dute. Ekimen horretan, "guztira 60 lehiakide inguruk aurkeztu dituzte bertsopentsioak" antolatzaileen esanetan, "ari garela, ari garela astelehenero kalean" aldarripean. "Ekitaldi nagusia bertso-bazkaria izango da (bertsoz girotutako bazkaria). Aste hauetan zehar, pentsiodunen elkarretaratze guztietan ekimen honen berri emango da eta nahi duenak parte hartzera animatuko dugu". Bertso-bazkarirako izena eman beharko da. "Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak euskara eta euskal kultura babesteko eta bultzatzeko konpromisoa erakusten du ekimen honen bidez". 

"Lotsagabekeria osoz, pozik eta harro daude lortutako irabazi handiengatik"
Hitzordu horren harira, banku handien irabaziak kritikatu ditu berriki Gipuzkoako pentsiodunek egindako mobilizazioetan. Izan ere, "emaitza historikoak jakinarazi dituzte Madrilgo Ibex-35 indizean kotizatzen duten bostek: 26.000 milioi eurotik gora irabazi dituzte, aurreko urtean baino %54 gehiago. Doinu goxoak haien akziodunentzat, hurrengo asteotan haien kontuetan ordainketa mamitsu bat jasoko baitute, diru horren erdia edo. Baina doinu desatseginagoak dira irabazi horiek sortu dituzten bankuen bezeroentzat: haiek ordaindu dituzte bankuen patrikak gizendu dituzten interes tasa handiak", salatu du Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak.

Are gehiago, "bankuen mozkinen igoera eskandalagarri horiei, Ibex-35 osatzen duten enpresa handiek lortutakoak gehitu behar zaizkie; izan ere, enpresa horiek inflazioa baliatu baitute prezioak beren produkzioaren kostuen gainetik igotzeko eta beren mozkin-tasak handitzeko. Lotsagabekeria osoz, pozik eta harro daude lortutako irabazi handiengatik, eta, gainera, kexu dira gobernuak ezarri dituen zergengatik. Bankuei, gainera, ahaztu egin zaie duela hamar urte erreskatatzeko erabili zen diru publikoaren, hau da, 70.000 milioi euroen zati txiki bat baino ez dutela itzuli".

Egoera horren aurrean, "gizartearen gaitzespenak eta mozkin justifikaezin horien eta aberastasunaren banaketan gero eta handiagoa den desberdintasunaren salaketak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Eta gobernuei eta erakunde publikoei eskatu behar zaie neurriak har ditzatela, neurriz kanpoko irabazi horien banaketa justuagoa izan dadin eta gizartean ematen diren ezberdintasunak murriztuz".