Zaparra taldearen "Orbanak Iruditan" lan berriaren aurrerapena

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 17a, 11:46

2015ean osaturiko Usurbilgo musika taldeak "Orbanak Iruditan" izeneko lan berriaren aurrerapen kanta plazaratu du.

Usurbilgo sorkuntza oparoari dagokionean, 2024. urtean jaso dugun lehenengo lan berriaren aurrerapena, abesti moduan. Zaparra musika taldeak disko berria prest duela jakinarazi du azken orduotan. Horren erakusle, sarera igo duen albiste honi atxikitako kanta; "Orbanak Iruditan" lan berriaren aurrerapen abestia hain zuzen. Jada entzungai duzuen ia lau minutuko kantarekin batera, diskaren azalak zer nolako itxura duen ere ikus dezakezue.

Jon Mikel Azpiazu Zubeldiak, Jon Guadix Dominguezek, Endika Larrañaga Matxainek eta Mikel Romero Aizpuruak osaturiko laukotea da Zaparra. 2016. urtean izan genuen estreinakoz haien berri. Herrian sortzen joan diren talde gehiagoren kasuan bezala, udako festen bira osatu zuen urte hartan. Estreinakoz, ordea, 2015eko Atxegaldeko jaietan igo ziren lehen aldiz oholtza gainera, entseatzen hasi berriak ziren uda berean. "Denok batera ibiltzen gara koadrilan. Beste taldeetan jotzen genuen. Arrazoi ezberdinengatik talde horiek ez ziren aurrera atera, bidean geratu ziren. Taldea osatzea erabaki genuen. Iazko udan hasi ginen entseatzen eta Atxegaldeko jaietarako esan ziguten ea kontzertua eskainiko genuen. Hortxe hasi zen dena, iazko abuztu amaieran", berri eman zioten 2016an NOAUA!ri.

Lehenengo abestiak sortu zituzten lehen urte haietan eta hortik, 2018ko martxoan aurkeztu zuten hain estreinako lana Aitzagan eskainitako kontzertuan; "Putzu sakonetik" izena zuena. "Gure ikuspuntua bezalakoa da. Gure kantak kritikoak izan daitezen saiatzen gara. Gure ikuspegia da gizartea putzu sakonean dagoela. Putzu sakonetik hasi genuen, aldatzen joateko, putzu horretatik ateratzen saiatzeko", berri eman zioten 2018ko martxoan hedabide honi.

Sorkuntza lan hau aurkeztu zioten NOAUA!ri. "Hasiera batean bertsioak jotzen genituen, gure kantak sortzeko garaia zela erabaki genuen arte. Sormen lan horretan jada kontzertuetan jotzen genituen pare bat kanta genituen. Pixkanaka beste hiru sortu genituen. Irungo Maketa Lehiaketara aurkeztu eta hirugarren postua lortu genuen. Egun maketa bat grabatzea oso garestia da. Lehiaketari esker, hiru kanta grabatzeko aukera izan genuen. Eta jada bi aurretik grabatuak genituen, laugarren bat maketan txertatzea erabaki genuen".

Eskuartean dakarkigute orain, lan berri hau: