Euskal kultura eta sorkuntza sustatzen dituen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitan bideratu du 'Handantza'. "Nora gaztea Donejakue bidea egiten ari da, oinez. Abenturak bizitzeko irrikaz dago. Usurbilera iristean, herria ezagutzeko aukera izango du: ondarea, ibaia, herritarrak... Bizitzako aberastasunaz ohartuko da". Hortxe 'Handantza'-ren abiapuntua.
Hilaren 23an 19:00etan aurkeztuko du "Handantza" Sutegiko erakustaretoan. "Horrekin batera, “Hona bostekoa” erakusketaren irekiera ekitaldia izango dugu", iragarri du Usurbilgo Udalak. Izan ere, Udalbiltzaren egitasmo honen baitan, "sortutako “Hona bostekoa” komiki-bilduman, bost komikilarik bost komiki labur sortu dituzte, bakoitza Euskal herriko gune batean kokatua. Hauen artean, Iñaki Martiarena “Mattin” marrazkilariak, 2023ko udan Usurbilen egindako egonaldian, “Handantza” komikia sortu zuen". Hauek guztiak ikusgai izango dira hilaren 23tik martxoaren 1era Sutegin bertan. Hain zuzen, Mattinenaz gain, "Eñaut Aiartzaguena, Unai Gaztelumendi, Aritz Ibarra eta Kotetok, Amasa-Billabona, Leitza-Berastegi, Bera-Lesaka-Sara-Urruña eta Bergaran egindako egonaldietan tokiotan kokatutako istorio bana ondu dute, eta Axpik azala jarri die".
Lerrootan, iazko udan Usurbilen egonaldia amaitu berritan Mattinek NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketa:
Zer moduzko esperientzia izan da?
Lan baldintza egoki eta duin hauei esker, sorkuntzak dakarren ezinegon, ahalegin, ardura, neke eta zailtasuna arindu egin du.
Ahalegin hau ikusgarriago egiten lagundu dizu proiektu honek?
Egon badago interes bat jakiteko prozesua zein den. Geuretik Sortuak egitasmoak nolabait erakusten du baldintza egokietan, euskaraz ahal dela produktu duin bat egin. Neure kasuan behintzat intuizioz egiten dut lan batipat. Proiektu honetan nire ohiko grafikatik ere atera naiz eta kolorearekin lan handia egin dut, jada zailena egin dut. Beti dago tentsioa sortzeko hasieran. Hiru oin ditu mahai honek: ondarea, bizipenak eta nire oroitzapenak. Izan ere, egonaldia Usurbilen egin behar nuenean oroitzapenak errioa bezala etorri ziren. Usurbilen egon naizenean informazio bisuala, ondarearena jasotzen aritu naiz, herritarrekin ere izan dut egoteko aukera.
Inspirazio iturri emankorra izan da herri hau?
Bai. Artista handiak daude herri honetan eta apaltasunetik nire ekarpena egiten saiatu naiz, zerbait berria egiten. Proiektuak 20 orrialde baino gehixeago ditu, komiki literarioa da. Nirea zubi lana da. Zubiaren alde batean sortzailea eta bestaldean irakurlea legoke, eta erdian errioa, komikia. Literarioa izanik, hor lekua egiten diozu poesiari, hitz jokoari, umoreari. Bigarrenez parte hartu duzu Geuretik Sortuak-en. Oraingoan, komiki lanak aurkeztu zitezkeen.
Aurrekoan ordea ez zen halako modalitaterik.
Lehenengoan komikiak aurkezteko deialdirik ez zuten egin, baina nire burua aurkeztu nuen, ahalduntze lan bat izan zen. Antolatzaileak horretaz jabetu eta testu hutsez sortutako lanen artean sartu zuten. Araitz, Betelu eta Larraunen egin nuen egonaldia. Bigarren edizio honetan, komikiari lekua eskaintzea erabaki dute.
Ikusgarritasun falta badu komikigintzak?
Bai, dudarik gabe. Duela bi urte hain zuzen horretan jarri nuen indarra. Beti diot, komikia paperezko zinema dela. Jakina, aurreiritziak egon badaude oraindik, baina bitxia da, zeren eta komikiak jasotzen du bere baitan hitza eta irudia, zubi bat da. Irudiarekin eta euskararekin lan egiten dut. Neure kasuan, hau da ikaragarrizko eta beharrezko plaza. Komikiak ez badu plazik, ez du aurrera egingo.
Eginaldiok zer arrasto izan dute zure ibilbidean?
Halako lehenengo esperientzia Hendaiako Nekatuenean izan nuen 2018an, Euskal Kultur Erakundearen eskutik. Geuretik Sortuak egitasmoaren kasuan, Usurbilgoa bigarren eginaldia izan da. Aurreko esperientziatik oinarri bat dago. Beti ardurak itotzen nau. Usurbilek duen itzalak eta nortasunak errespetua eman dit, baina hori gainditu eta bigarren esperientzia izateak lagundu nau, esaterako, kostata baina jasotako informazioa laburtzen eta sortze lana epe barruan bukatzen.
Labetik ateratzear izango duzu lan berri hau.
Maitasunetik egin dudan lana da hau. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalbiltzari eta Udalari, lan baldintza egoki hauengatik. Usurbil islatua geratuko da sortze lan honetan.
#GeuretikSortuak | IÑAKI MARTIARENA "MATTIN"
— Udalbiltza (@Udalbiltza) September 20, 2023
Iñaki Martiarena "Mattin" donostiarra Usurbilgo kaleetan barrena aritu da bere komikia ondu ahal izateko. Bertan izan da @HamaikaTb , eta sormen egonaldiaren berri eman digu.@usurbiludala pic.twitter.com/Tf4zJ6ONPL