Kulturaldia

"Ztandap" gaur, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 18a, 13:55

Binakako bakarrizketa saio ederra gaur 18:00etan Sutegin, NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan.

Bart gauean Tapia eta Leturiak Aginagako Eliza Zaharrean berrehun lagun baino gehiago dantza batean jarri ostean, Sutegiko butakan eroso asko eseri eta "Ztandap" binakako bakarrizketa saioaz gozatzeko aukera ederra igande arratsalde honetan, 18:00etan Sutegin, NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldiaren baitan. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileak "ikuskizun berri batekin datoz: Ztandap. Aurreko ikuskizunetan egin moduan, Martiarena eta Torregarai "betaurreko moreak jantzita" igoko dira oholtzara. Orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak, elkarbizitza ... izango dituzte hizketagai horretarako, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz, barre eginez eta eginaraziz eztandarazi, lehertu, nahi dituzte bazterrak".

Sarrerak aurrez eskura ditzakezu usurbilkultura.eus plataforman edota kultur-etxean bertan 18:00ak aurretik.

Hemen gaurko emanaldiz Idoia Torregaraiak egunotan NOAUA!ri eskainitako elkarrizketa:

NOAUA! 'Ztandap' lana eskainiko duzue Usurbilen lehen aldiz Mirarik eta biok. 'Luze edo Motz' bakarrizketa saioaren formatu bera izango du lan honek ere?
Bai, funtzionatzen duen formatua da. Bion artean lotura hori sortu dugu eta bakarrizketak elkarrekin egitea gustuko dugu. Ahizpatasuna hori ere bada. Batzuetan gogorra da oholtzara bakarrik igotzea, eta umoreaz ari garenean, are eta gehiago. Batzuetan funtzionatzen du, eta besteetan ez, eta indarra behar da egoera horri aurre egiteko ere. 6 urte daramatzagu formatu honetan elkarrekin lanean, binakako bakarrizketan, eta oso eroso zein indartsu sentitzen gara. Batzuetan indarra behar dugunean edo falta zaigunean, oholtzan elkar aurkitzen dugu eta oso gustuko formatua da guretzat. Herri eta elkargune txikietara moldatzeko aukera ematen digun formatua da. Izan ere, teknikoki ez du lanik edo materialik eskatzen.

Emakumea zenuten gai nagusi 'Luze edo Motz'-en kasuan. Oraingoan ere gai horrekin jarraituko duzue?
Bai, gure eguneroko kontuak ekarriko ditugu Sutegiko oholtzara. Bi emakume garenez, beti uzten du arrastoa eta horretatik eraikitzen dugu saioa, hain zuzen ere. Bikotea ez edukitzearen “drama” jarriko dugu mahai gainean, señora izatea, elkarbizitza, sexua, guraso izatea... Gure egunerokotasuneko kontuak dira jendaurrera eraman nahi ditugunak, umorea eta generoaren filtrotik pasatuta. 6 urteko bide honetan, euskara eta generoa hartu genituen gaitzat, eta gerora, 'Luze edo Motz'-en generoaz aritu gara osorik. Gai honi buruz hitz egin nahi dugu eta beharra ere sentitzen dugu horretarako. Oso ondo pasatzen dugu. Gure bizi esperientzietatik abiatuta egiten dugunez, pribatua publiko egiten dugu. Publikoko emakumeak gurekin identifikatzen dira eta hor sortzen den hori oso berezia izaten da. Gizonezkoek ere ondo pasatzen dute konturatu ez diren gairen bat ateratzen dugunean eta alboko emakumeak barrez ikustean. Batzuetan barre egin nahi eta lotsaz ere ikusten ditugu zenbait, baina guk beti esaten dugu garrantzitsuena barre lasai egitea dela eta bakarrizketaz lasaitasunez eta konplexurik gabe gozatzea.

Euskal Herriko txoko batzuetan izan zarete Ztandapekin. Nolako harrera izan du?
Bakarrizketa bat estreinatzean denbora behar izaten du forma erabat hartu eta erosotasunetik egina izateko. Guk beti lan guztiak Altzon hasten ditugu. Oso harrera ona izan genuen bertan, baina behin plaza batzuk eginda erosoago sentitzen hasten gara eta inprobisazioari ere tarte egiten diogu. Saio bakoitza ezberdina da, hala ere. Lekua eta jendearen nolakotasunaren arabera asko aldatzen da egoera, eta gu geu ere modu pertsonalago batean nola gauden ere kontuan hartu behar da. Testua behin gorpuztuta eta erosotasun hori aurkituta, gozagarri bihurtzen zaigu. Hala ere, esan beharra dago plazarik zailena beti norberaren herria izaten dela. Urduritasun gehiagorekin aritzen gara eta azterketa zailagoa izaten da gainditzeko.

Momenturen batean bi lanekin batera aritu zarete lanean?
Bai, eta oso dibertigarria da, gainera. 'Luze edo Motz' oso erraz ateratzen zaigu. Erronka ederra da bi ikuskizun batera kudeatzen asmatzea eta batetik bestera jauzi egiten ikastea. 'Luze edo Motzek' poz handiak eman dizkigu eta 200 plaza inguru egiteko aukera eskaini digu. Urtearekin batera amaitu nahi genuen 'Luze edo Motz' eta 2024an sartzean 'Ztandap'-ekin hasi. Bi testuekin batera lanean aritzeak badu xarma hori ere

'Luze edo Motz' bezainbesteko ibilbide oparoa aurreikusi duzue Ztandapentzat?
Halaxe nahi genuke. Pare bat urterako prestatu dugu ikuskizun hau eta berarekin Euskal Herri osoa bisitatu nahi genuke. 'Luze edo Motz' ikuskizunarekin egon ginen herriei aipatzen ari gara ikuskizun berria prestatu dugula; ea aukerak sortzen zaizkigun denetara edo ia denetara itzultzeko eta leku berriak ezagutzeko. Zuberoara joatea falta zaigu: Zuberoa da Euskal Herriko zortzi probintzietatik bisitatu ez dugun bakarra. Bisitaturekin ikuskizuna eraman esan nahi dut. Maule-Lextarren egitea gustatuko litzaiguke eta lanean ari gara hori lortzeko. Espero dut 'Ztandap' ikuskizunak Zuberoako ateak irekiko dizkigula. Orokorrean, asko ikasi dut Euskal Herriko geografiaz azken sei urte hauetan.

'Harpa Jotzen' podcastaren lehen denboraldia egin zenuten EITBren bidez, eta orain bigarrena hitzartu duzue. Noiz hasiko da?
Martxoan estreinatuko da. Podcast horrekin joan zen urtean Rikardo Arregi kazetaritza sarietarako nominatu gintuzten, baina azkenean ez genuen irabazi. Horrek eman zigun aukera EITB podcasteko zuzendariari bigarren denboraldia proposatzeko eta baiezkoa eman zigun. Dagoeneko grabatzen ari gara. Lehen denboraldia zortzi atalekoa izan zen eta oraingoa 10ekoa. Gozatzen ari gara proiektu horrekin ere.

Zein gai nagusi izango ditu?
Eguneko gaiekin aritzen gara, gaitegi jakin bati jarraitu gabe: sukaldaritza, depilazioa, garraioa, ilea... edozein gai. Hasieran, Mirarik eta biok gaiari buruzko hausnarketa zoro bat egiten dugu eta ondoren, gonbidatu bat izaten dugu programako eta harekin aritzen gara hizketan. Antton Telleria izango dugu gurekin, Ana Goitia, Ane Lindane, Andoni Ollokiegi eta beste hainbat. Nahiko saltsa izango dela ziurtatuta dago. Umoreari beste hankatxo bat ateratzeko aukera da eta gozatu egiten dugu.

Lehen denboraldia entzuterik izan ez duenak non entzun lezake?
EITB podcasten aurki daiteke, baina topatzen ez duenak interneteko bilatzaileak 'Harpa Jotzen' podcast jarrita ere aurkituko du. 40 minutu inguruko saioak dira eta entzun errazak. Autoan entzuteko, etxeko garbiketa egin bitartean... halako momentuetarako oso egokia da. Fundamenturik gabeko gauzei egiten diegu tartea gure podcastean, betiere umoretik. Eskertu beharrean gaude gonbidatuei ere, inolako gidoi eta aurrez prestatutako ezer gabe etortzen baitira. Ez dute jakiten aldez aurretik zer galdetuko diegun eta normalean ez dira euren gaiak izaten. Podcasteko arduradunei telebista saio bat nahi genukeela ere esan diegu. Ea egunen batean bide hori ere irekitzen diguten.

Jendeak nolako feedback-a eman zizuen?
Oso sorpresa onak hartu ditugu. Emakume askok eskertu digute umoregileak tradizionalki gizonak izan direlako, eta gurekin identifikatuago sentitzen direlako. Oso ondo pasatzen omen dute bai podcastarekin, bai ikuskizunekin. Jendearengana iritsi omen da. Datu oso onak eman genituen. Fikziozkoen artean datu onenak lortu dituztenen aurrean gaude. 'Harpa jotzen' eta 'Luze edo Motz' biak garai berean aritu gara egiten, eta batzuek bietako batean ezagutu eta bestera eraman ditu esperientziak, eta alderantziz.


NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia


Otsailak 24, larunbata
19:00 "Toto" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "TOTO – Mafalda Bellidoren “Chucho” antzezlanean oinarritua. Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta Kepa Erraztik itzulia. Aktore lanetan Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Maik (Maitane) eta Joseluk (Jose Luis), TOTO txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. TOTO galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Maik eta Joseluk, modu intentsuan eztabaidatzen dute. Eztabaidatzen dute geure bikotearekin, geure bikote guztiekin askotan egin izan ohi dugun moduan. Barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak,  kanpotik ikusita, barregarriak eta komikoak suertatzen dira. TOTO halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10€tan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 €tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 25, igandea
18:00 "Etxe bat". Poesia errezitaldi musikatua Sutegiko auditorioan.
Testua eta gidoia: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria.
Kantak eta Soinua: Peru Galbete Labiano.
Zehaztasunak: "Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La poética del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, nire guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.