2024ko Santixabelak ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2an amaituko dira; ostiraletik asteartera luzatuko dira; beraz, bost festa egun izango ditugu. Hala erabaki zuen Jai Batzordeak estreinakoz hilabete hasieran Potxoenean egin zuten billkuran.
Usurbilgo jaien hasiera, iraupena eta amaiera finkatuta, bost egunotako egitaraua definitu eta denbora tarte horretako ekitaldiak bideratzeko baliabideak lotzeko lanketa betean izango da aurrerantzean Jai Batzordea. Datorren bilkurarako hitzordua finkatua du Jai Batzordeak; astelehen honetan, otsailaren 19an bilduko da berriz. Bigarren saio hau, iluntzeko 18:30etan hasiko dute Potxoenean.
Bilgune parte hartzailea
Gogoan izan, Usurbilgo festei lotutako erabaki guztiak bilgune horretan hartzen dira. Batzorde honetan, jaien antolaketan ekarpenak egin nahi dituzten norbanako nahiz eragileek tokia izaten dute. Festen antolakuntzan lagundu edota ekimenak proposatzeko aukera izaten da. Bertatik bideratzen dituzte, besteak beste, egitaraua diseinatzeko lehiaketa edota txupinazoa nork jaurti erabakitzen laguntzeko herritarrei egiten dieten deialdia.
Jai inklusibo, parekide, jasangarri eta parte hartzaileak sustatzen dituzte bilgune honetatik.