Urtarrilaz geroztik iragartzen ari diren moduan, urte ezin bereziagoa izango da hasia duguna Aitzaga Kultur Elkartearentzat. Izan ere, hiru hamarkada beteko ditu, 30 urte sortu zutenetik. Ospatu eta aldarrikatzera doaz urtemuga hau, dagoeneko abian dituzten ekimenekin. Gogoan izan, urtarrileko azken ostiralean, Amebak herriko taberna atarian eskainitako kontzertu akustikoak eman zion hasiera ekainera arte luzatuko den ospakizun zikloari. Otsaila hasieran, bestalde, barrikotea egin zuten elkartean eta bertan, iragan astean, "Aitzaga 30 urtez hegaldian 11 istorio" solasaldia.
Elkartekoen esanetan, hilero izaera politikodun nahiz aisialdira begirako ekimenak antolatzea da asmoa, ekainera arte. Izan ere, ekainaren 1erako jaialdi egun handi bat prestatzen ari dira Aitzagakoak, 30 urteok merezi bezala ospatzeko.
Jaialdiaren nondik norakoak laster aurkeztu dituzte, baina jada lekua hartzen joateko moduan gara. Ekainaren 1eko Aitzaga K.E.-ren 30. urtemuga jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte usurbilkultura.eus plataforman.
Hilabeteotan, sorreratik lanean aritu diren kideen ahalegina aitortu eta eskertu nahi dute Aitzagakoek, urteotan herrigintzari egin dioten ekarpena nabarmendu eta bide honetan indarberritu baita, besteak beste, bazkide gehiago erakarrita.
“30 urtez hegaldian”
Ekainera arte...
Hilero ekimenak.
Ekainak 1, larunbata
Egun osoko jaialdia: bazkaria, kontzertuak... Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman salgai.
Antolatzailea: Aitzaga kultur elkartea.