Kulturaldia

Umore eta hausnarketa eztandaren ondotik, Kulturaldia azken txanpara begira

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 19a, 13:11

NOAUA! Kultur Elkarteak asteburuan antolaturiko Kulturaldiko hiru hitzorduen ("Bizkarsoro" film proiekzioa, Tapia eta Leturiaren kontzertua eta "Ztandap" binakako bakarrizketa saioa) ondotik, datorren astebururako ditu iragarriak azkeneko bi ekitaldiak.

Eztanden eztanda bizi izan genuen igande arratsaldean Sutegin, Idoia Torregarairen eta Mirari Martiarenaren eskutik. "Ztandap" emanaldiak, harremanak, feminismoa, zaintza, maitasun erromantikoa, egunerokoan "normalduak" ditugun hamaika egoera... ekarri zizkiguten umoretik bai, baina aurrez iragarria zuten moduan, generoaren filtrotik pasata. Izan ere, kritikarako, hausnarketarako tartea eskaini ziguten egunerokotasun horretatik abiatuta. Irribarrea galdu gabe, hamaika barre eztanda izan ziren Sutegiko saiora joandakoen artean.

Umoretik agurtu dugu NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldiaren lehen asteburua. Baina ziklo hau ez da amaitu. Beste bi proposamen dakartzagu aste honen amaierarako; Hika Teatroaren "Toto" antzezlana eta "Etxe bat" poesia errezitaldi musikatua, bi herrikideren, Yolanda Arrietaren eta Ugaitz Agirreren eskutik. Hitzorduotarako sarrerak salgai dituzue usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan.


NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia


Otsailak 24, larunbata
19:00 "Toto" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "TOTO – Mafalda Bellidoren “Chucho” antzezlanean oinarritua. Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta Kepa Erraztik itzulia. Aktore lanetan Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Maik (Maitane) eta Joseluk (Jose Luis), TOTO txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. TOTO galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Maik eta Joseluk, modu intentsuan eztabaidatzen dute. Eztabaidatzen dute geure bikotearekin, geure bikote guztiekin askotan egin izan ohi dugun moduan. Barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak,  kanpotik ikusita, barregarriak eta komikoak suertatzen dira. TOTO halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10€tan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 €tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 25, igandea
18:00 "Etxe bat". Poesia errezitaldi musikatua Sutegiko auditorioan.
Testua eta gidoia: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria.
Kantak eta Soinua: Peru Galbete Labiano.
Zehaztasunak: "Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La poética del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, nire guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.