Duela hainbat urteetatik garai honetan Durangon (Bizkaia) antolatzen duten 40 Minutu Rock jaialdi aldarrikatzailea bueltan dator. 2024ari dagokion edizioa, larunbaterako, otsailaren 24rako iragarri dute egun osoan zehar, abenduko disko eta liburu azoka egiten duten Landako gunean. "Milaka pertsona batuko ditugu “Oihuka astinduz orratzak” lelopean", iragarri dute antolatzaileek.
Jaialdi honen izaera gogorarazi dute. "Euskal preso politikoek eta beraien senideek, ondo dakigunez, 40 minutuko bisitak soilik izaten dituzte elkarrekin egon ahal izateko. Denborak elkar ikusteko aukera eman baino, frustrazioa eta amorrua eragiten die gertukoei, eta erlojuaren orratzak astintzeraino oihukatzeko beharra dugu". Hortik, 40 minutu Rock jaialdi horren izena eta izana. Datorren edizioan, hemezortzi musika taldeek parte hartuko dute, honako hauek: Arene 6, Belako, Burutik, DAM, Des-kontrol, Esne Beltza, Hofe x 4:40, Ibil Bedi, Nevadah, Nøgen, Raimundo el Canastero, Streetwise, Su ta Gar, DJ Kuku & Kene, LaMia Mari, Kiliki Frexko DJ Set, Pineapple Sweets eta Xaukena xauk.
Larunbat goizeko 10:30etan hasiko den jaialdirako txartelak bibe.me atarian eskura ditzakezue. Horrez gain, hara joateko eskualde mailako autobus zerbitzua antolatu dute. Andoain eta Lasartetik etorriko den zerbitzuak goizeko 9:20an Oiardo kiroldegia izango du azken geltokia. Adi, zerbitzu hau baliatu asmo duenak 13 eurotan eskura ditzake txartelak Txirrista tabernan. Durangora joan eta handik itzultzeko autobus zerbitzua izango da honakoa, Usurbilgo Ernaik berri eman duenez. Goizaldeko 3:00etan Landako gunetik buelta egiteko aukera izango da zerbitzu honen bidez.