Ezingo dituzte "oinezko igarobide naturalak okupatu". Zehazkiago esanda, "gutxienez bi metro zabal dituen igarobideak errespetatu beharko dira pasabide eta atarietan eta hiru metro zabal oinezko bide nagusietan". Horrekin batera, "establezimenduen inguruan dauden altzari publikoak ezin izango dira terrazako altzari gisa erabili. Establezimendua itxita dagoenean altzariak jaso egin behar dituzte, eta bide publikoan biltegiratzekotan non eta zenbat metro karratu okupatuko dituzten zehaztu behar izan dute baimen berrietan". Terrazen erabiltzaileek ere araudi hau kontuan hartu beharko dute, denoi eragingo digu eta. "Terrazen eremuak errespetatzea ostalarien ardura ez ezik erabiltzaileena ere badela gogorarazi dute, eta mahaiak eta aulkiak baimendutako eremutik ez ateratzeko eskatu diete haiei ere".
Lerrootan aipaturiko irizpideak bete beharko dituzte aurrerantzean, Usurbilgo ostalaritza eremuetako terrazek, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez. Tabernariek eta Udalak berak iaz hasitako lankidetzaren baitan adostutako irizpidedun baimenak eguneratu dituzte. Baimen eskaerok bideratu dituzte, "erabili nahi duten azalera eta jarriko dituzten mahai eta aulki kopurua adierazita. Baimenak urte osorako edo sei hilabeterako eskatzeko aukera izan dute, uda sasoirako mahai gehiago eskatu ahal izateko".
Ordenantza berriaren lanketa
Lanketa honi iaz ekin zion Udalak, "azken urteetan ez baitzen baimenik eguneratu". Horrez gain, "Covid19-aren testuinguruan terrazak handitzeko ezohiko baimena eman zuen udalak, eta pandemia garaia gainditutakoan ez zen leheneratzeko urratsik egin. Horrekin batera, kexa ugari ere jaso ditu udalak, terraza batzuek hartutako gehiegizko azalerak oinezkoen igarobideak oztopatzeagatik". Horregatik, "terrazen gaiari heltzeko arrazoi nagusia bide publikoaren erabilera baldintzak arautzea izan da", Udalak ohartarazi duenez.
Udalaren eta ostalarien arteko lankidetzak segida izango du. Izan ere, terrazei lotutako ordenantza berria lantzen hasi asmo dute udaberritik aurrera. Egun indarrean dena, "2004koa da, zaharkituta dago eta ostalariekin elkarlanean berritu nahi dute".