Aitzagako sukaldaritza ikastaroa, datozen trebakuntza saioen artean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 20a, 13:14

Aitzaga Kultur Elkartearen 30. urtemugako ospakizun ekimenen artean Martxoa Gastonomikoa antolatu dute, lerrootan bildu ditugun gainerako ikastaroen artean. Segidan duzue datozen ikastaroen berri.

Martxoa Gastronomikoa
Aitzaga Kultur Elkarteak 30 urte beteko ditu ekainean. Ordura arte, hilero hainbat ekimen antolatu asmo ditu. Azken asteotan, Amebaren kontzertua, barrikotea edota solasaldia iragarri dituzte. Iaz bezala, Martxoa Gastronomikoa iragarri dute, datorren hilabeterako sukaldaritza ikastaroa antolatu dute. Elketa jatetxeko sukaldari Haritz Arruti herrikideak bideratuko du iaz bezala. Lau saio izango dira, otsailaren 29an, martxoaren 7an, 14an eta 21ean, 18:00-21:00 artean Aitzaga elkartean. Prezioa: 35 euro. Izen emateko deitu edo idatzi 697 797 941 telefono zenbakira, otsailaren 26a baino lehen. “Izen ematea ikastaro osorako izango da”, ohartarazi dute antolatzaileek. “Ez galdu aukera, plaza kopuru mugatua da eta!”, egin dute gonbita Aitzaga Kultur Elkartetik. 12 lagunentzako lekua egongo da gehienez.


Sagastien neguko kimaketa eta ongarriketa
Alkartasuna Kooperatibak antolaturiko ikastaroa, otsailaren 23an, 15:30-18:30 artean izango da Potxoenean. Aitor Etxeandiak bideratuko duen saiorako izena aurrez eman beharko da bideotatik: 943 361 114/alkartasuna.eus. Prezioa: 10 euro.


KzGunea
Otsaila amaierara arte, hilaren 29ra arte goizez zabalduko dute Kzgunea, 9:00-13:00 artean, martxoan 16:00-20:00 artean. Datozen ikastaroak hain zuzen, hurrengo hilabeterako iragarri dituzte:
-Martxoak 1-6, 16:00-18:00 "PC, teklarua eta sagua hasieratik nola erabili ikas ezazu".
-Martxoak 7-20, 16:00-18:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".
-Martxoak 21, 16:00-18:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net
kzgunea.eus


Kantu Taldea
Gogoan izan, 15 urte bete dituen bilgune honek abian duela ikastaroa. Astelehenero arratsaldeko 18:00etan ikastolako musika gelan biltzen dira, Jaione Eskuderoren gidaritzapean. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.