Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkartea laguntzen aritu dira Udarregiko DBH2koak

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 20a, 11:17

Elkartasun proiektu horren baitan, Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteari buruzko informazio postua jarriko dute ostegun goizean frontoi inguruan.

Materiala biltzen aritu ziren hilabete hasieran, Udarregi ikastolako DBH 2. mailako ikasleak Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkartea laguntzeko. Horren bueltan elkartasun proiektu bat garatu dute. Abiarazitako ekimenekin 300 euro eta hainbat material bideratu dituzte bertara. Proiektua aurkeztu eta babeslekuari buruzko informazioa helarazteko informazio postua jarriko dute frontoi inguruan, ostegun goizean, otsailaren 22an, 10:30-12:15 artean.

Landu duten proiektuaren berri eman diote NOAUA!ra helarazi duten testu eta irudion bidez:

Udarregi Ikastolako DBH 2. mailako ikasleak Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteari laguntzen aritu gara
Udarregi Ikastolako DBH2ko ikasleak gara eta ekimen berri bat jarri dugu martxan Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteari laguntzeko asmotan. Gure helburuak jendeak animaliak adoptatzea eta adoptatzen ez dituzten animaliei laguntzea izan dira hauentzat materiala bilduz.

Proiektu hau burutzeko dirua eta materiala lortzea ezinbestekoa izan da. Horretarako, zozketa-txartelak, infoguneak bezalako ekintzak gauzatu ditugu. Materiala biltzeko kaxak izan dira eskura Sutegin, Kiroldegian, BM eta Eroski supermerkatuetan eta Udarregi ikastolan eta Agerialde ikastolako eraikinean. Kaxa horiek urtarrilak 25etik otsailak 8ra arte egon dira aipatu ditugun guneetan. Ekimen hauekin guztiekin 300 euro lortu ditugu hainbat material eta elikagaiez gain. Hau guztia elkarteari eman zaio, irudian ikus daitekeen moduan, eta animalien beharretarako erabiliko da. 

Honetaz gain, otsailaren 22an mahai informatibo bat jarriko dugu frontoi inguruan 10:30tik 12:15ra herritarrei babeslekuari buruzko informazioa zabaltzeko asmoz.

Eskerrak eman nahi dizuegu ekimen honetan parte hartu duzuen herritar guztiei zuen eskuzabaltasunagatik, bai errifak erosterako orduan eta baita materiala ematerako orduan ere. 

Gure ekimena amaitu bada ere, babeslekuari laguntza eskeintzeko beraien web orria bisitatu dezakezue (https://www.protectoradegipuzkoa.com/).

Mila esker guztiagatik.