Negua liburutegian

Xake topaketaren bigarren saioa ostiralean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 20a, 08:59

Iragan ostiraleko lehen saioaren ondotik, 2. Xake Topaketako hurrengo saioa otsailaren 23an Sutegi udal liburutegian. Martxoa erdialdera arte, astero ekimenak iragarri dituzte bertan.

Iazko estreinako edizioko arrakastaren ondotik, 2. Xake Topaketa antolatu zuen Sutegi udal liburutegiak iragan ostiralerako. LH 1, 2 eta 3 mailakoetako gaztetxo talde bat gogotik aritu ziren Sutegin. Ostiral honetarako, hilaren 23rako LH 4. mailatik gorakoentzako saioa iragarri dute 17:00etan liburutegian bertan. Hitzordurako izena Sutegin bertan eman beharko da.

Antolatzaileen esanetan, iaz "hasiera batean egun bakarreko ekintza izan behar zuen, baina azkenean bi saio egin behar izan genituen jende askok eman zuelako izena. Gainera, tamalez, baten bat kanpoan ere geratu zen. Hogei pertsonarentzat baino ez daukagu lekua eta materiala, eta beraz, ezin izan genien denei jokatzeko aukera eman". 

Horregatik, aurtengoan, "bi saiorekin nahikoa ez dela ikusten badugu, hirugarren ostiral bat ere egin genezake". Sutegi udal liburutegitik jokorako sistemaren nondik norakoak aurreratu dituzte. "Sistema suitzarra jarraitzen dugu irabazleek irabazleen kontra egin dezaten, eta galdu dutenek galdu dutenen aurka". 

Xake topaketa honez gain, ekimen gehiago ere iragarri dituzte datozen asteotarako.

Negua liburutegian
Otsailak 23, ostirala
2. Xake Topaketa:
Ordua: 17:00.
Otsailaren 16an: LH 1, 2 eta 3. mailakoei.
Otsailaren 23an: LH 4tik gorakoentzat.
Oharra: taldea oso handia baldin bada, martxoaren 1ean beste saio bat egingo dute. Bi saioak adinaren arabera antolatuko dira.
Izen-ematea: Sutegi udal liburutegia.

Otsailak 28, asteazkena
17:30 Azalerako Ipuinak, Saroa Bikandirekin.
Zehaztasunak: "Giro lasaia eta atsegina sortuko dugu ukimena, ipuinak, poemak, kantuak, jolasak, liburuak... baliatuz. Entzumena, kontaktua, ikusmena, usaimena eta dastamena literaturarako ate ireki bat izan daitezke".
Iraupena: 40 minutu.
Nori zuzendua: 0-3 urteko haurrentzat eta euren gurasoentzat.
Izen ematea: Sutegi udal liburutegian.
Oharra: plaza mugatuak.

Martxoak 4, astelehena
18:00 Ameli ipuin kontalariaren ipuin kontaketa saioa.
Nori zuzendua: 4 eta 5 urteko haurrentzat.
Iraupena: 45 mimutu.

Martxoak 5, asteartea
18:30etan hasita, idazketa tailerra Yolanda Arrietarekin.
Nori zuzendua: 16 urtetik gorakoentzat.
Izen ematea: Liburutegian bertan.
Iraupena: ordu eta erdi.
Antolatzaileak: Etumeta Euskaltegiarekin elkarlanean antolatua.

Martxoak 20, asteazkena
19:00 Liburu aurkezpen-solasaldia: Iñaki Zabaletaren "Nazioa eta hizkuntza, Humboldtekin solasean".
Iraupena: ordubete inguru.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.