Kulturaldia

"Toto" antzezlana eta "Etxe bat" poesia errezitaldi musikatua, NOAUA! K.E.-ren kultur zikloko azken hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 21a, 10:22

NOAUA! Kultur Elkarteak astebururako iragarri dituen azkeneko kultur hitzorduetarako sarrerak usurbilkultura.eus plataforman edota kultur elkartearen egoitzan eskura ditzakezue.

Aurreko asteburuko "Bizkarsoro" film proiekzioaren, Tapia eta Leturiak dantza batean jarritako erromeria gauaren eta leherketen leherketa ekarri zigun "Ztandap" Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren binakako bakarrizketa saioren ondotik, azken txanpan sartu da NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldia. Astebururako iragarriak ditu azkeneko bi hitzorduak; "Toto" antzezlana eta "Etxe bat" poesia errezitaldi musikatua, Peru Galbete eta Yolanda Arrieta herrikideen eskutik.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia


Otsailak 24, larunbata
19:00 "Toto" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "TOTO – Mafalda Bellidoren “Chucho” antzezlanean oinarritua. Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta Kepa Erraztik itzulia. Aktore lanetan Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Maik (Maitane) eta Joseluk (Jose Luis), TOTO txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. TOTO galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Maik eta Joseluk, modu intentsuan eztabaidatzen dute. Eztabaidatzen dute geure bikotearekin, geure bikote guztiekin askotan egin izan ohi dugun moduan. Barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak,  kanpotik ikusita, barregarriak eta komikoak suertatzen dira. TOTO halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10€tan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 €tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 25, igandea
18:00 "Etxe bat". Poesia errezitaldi musikatua Sutegiko auditorioan.
Testua eta gidoia: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria.
Kantak eta Soinua: Peru Galbete Labiano.
Zehaztasunak: "Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La poética del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, nire guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.