2. Etumeta Literatura Lehiaketa abian, idazketa tailerra bere osagarri

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 21a, 14:26

Txapelketa honetara sorkuntza lanak aurkezteko epea zabalik du Etumeta AEK euskaltegiak. Adi, lehiaketa honen harira, idazketa tailerra antolatu du Sutegi udal liburutegiak. 

Otsailaren 12an zabaldu zuen Etumeta AEK euskaltegiak, iaz estreinakoz antolatu eta izan zuen harrera arrakastatsuaren ondotik, Etumeta Literatura Lehiaketaren bigarren ediziorako idazlanak aurkezteko epea. Interesdunek (Usurbilen erroldaturiko 18 urtetik gorakoek edota euskaltegian bertan matrikulatuak daudenek) apirilaren 7ra arteko epea izango dute sorkuntza lanok aurkezteko tartea. Ipuin laburrak izan beharko dute, gehienez 650 hitzekoak. 

Albiste honetan beherago dituzue txapelketa honen oinarriei buruzko xehetasunak.

Idazketa tailerra
Euskaltegikoekin lankidetzan eta literatura txapelketaren testuinguru horretan, idazketa tailerra antolatu du Sutegi udal liburutegiak, martxoaren 5ean, 18:30ean hasita. Yolanda Arrietak bideratuko du saioa liburutegian bertan. "Idaztea gustatzen zaizu eta nola hasi ez dakizu? Yolandak emango dizkizu ideia batzuk", iragarri dute liburutegikoek. Tailer honetan parte hartzeko aski izango da 16 urte izatea. Izen-ematea, liburutegian.

2. Etumeta Literatura Lehiaketa
Nori zuzendua: Usurbilen erroldatua egon edota Etumeta AEK euskaltegian matrikulatuak dauden 18 urtetik gorakoei (adin hau izatea, lanak bidaltzeko unean). 

Sorkuntza lanak izan beharreko ezaugarriak:
-Ipuin laburrak izango dira, 650 hitz, gehienez.
-Times New Roman letran idatziak, 12 neurrian, espazio bikoitzarekin.
-Gai librean idatziko dira.
-Lanak aurrez argitaratu gabeak izango dira, baita lehiaketa batera bidali gabeak ere.
-Euskaraz idatziak behar dute.

Dokumentuak
Bi dokumentu bidaliko dira inaki-d@aek.eus helbidera:
1. dokumentua: Ipuina bera, marka identifikagarririk gabe, PDF formatuan. Artxiboaren izena ipuinaren izenburua bera izango da: “IZENBURUA.PDF”.
2. dokumentua: parte hartzailearen datuak, hau da, izena, bi abizenak, jaiotze data, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa, PDF formatuan. Artxiboaren izena ipuinaren izenburuarekin berarekin identifikatuko da: “IZENBURUA.DATUAK.PDF”.

Epeak
-Otsailak 12-apirilak 7:  lanak bidaltzeko epea.
-Ekainak 5: sari banaketa. Bertan "egingo da irabazlea publiko, irabazleari emailez jakinaraziko zaio aurretiaz". Irabazle bakarra egongo da, "eta gehienez ere bi aipamen; bakoitzari diru saria eta oroigarria emango zaizkio. Epaimahaiak sariren bat eman gabe utzi dezake, merezitako lanik ez dagoela erabakiko balu". Parte hartzaile guztiak gonbidatuta egongo dira sari banaketara, eta oroigarri bana emango zaie.

Sariak
- Txapelduna: 150€ko baliodun saskia, Hurbilagoren eskutik.
- Aipamena: 70€ko baliodun saskia, Hurbilagoren eskutik.

Epaimahaia
-Etumeta AEK euskaltegiak hautaturiko hiru kideek osatuko dute. "Haien erabakia aldaezina izango da", ohartarazi dute antolatzaileek.
-Etumeta AEK arduratuko da epaimahaikideei lanak bidaltzeaz, identifika ez ditzaten, baita, epaia ebatzi ondoren, hura bere egilearen datuekin lotzeaz ere.

Oharrak:
-Ez da inolako pertsona zein kolektiboren aurkako eduki iraingarririk onartuko.
-Parte hartzaileek onartzen dute euren lanak argitaratu ahal izatea NOAUA! aldizkarian eta Etumeta AEKren sare sozialetan.
-Baldintza guztiak onartzea dakar parte hartzeak berak, lehen hau barne.

Informazio gehiago: blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek

Antolatzailea: Etumeta AEK euskaltegia.