Haizeagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 22a, 08:00

Ostegun goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 16:00ak arte haizeagatik abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Egunotako giroa aldaraziko dute datozen orduek eta urte garai honen itxura handiagoa hartuko du eguratsak. Hala, ostegun goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 16:00ak arte haizeagatik abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. 100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegu haizeguneetan, 80 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan. Gero, haizeak norabidez aldatu eta mendebal edota ipar-mendebaldetik joko du.

Hortik aurrera, Euskalmet-en arabera, "egunaren erdiko orduetan zerua estalita geratuko da eta arratsaldean euritara joko du. Hego-mendebaldeko haize zakarra, eguerdi aldera ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira; azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketa handirik ez".

Ostiralean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Trumoi-ekaitza izan daiteke, txingorrarekin batera. Mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak asko jaitsiko dira".

Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu. Gauean atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.