"Eutsi gureari!", Errigoraren deia kanpaina berria abiatzear duenean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 22a, 09:08

"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpaina abiatzera doala berri eman du Errigorak. Eskaerak otsailaren 25etik martxoaren 13ra bideratu ahalko dira.

"Badator nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura!", Errigoratik egitasmoaren urte garai honetako kanpaina. Oraingo honetan, oliba-olio birjina estra, arroza, pasta, kontserbak, lekaleak eta ardo loteak eskuratu ahalko dira, "euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan". Eskabideak otsailaren 25etik martxoaren 13ra bideratu ahalko dira online errigora.eus bidez edota NOAUA! Kultur Elkartean.

"Eutsi diezaiogun bada gureari, egin dugun, egiten ari garen eta egiteko dugun bideari. Gure zailtasun, ahal eta ametsen bideari", deitu dute Errigoratik. Gogorarazi dutenez, "gure ibilbide luze-laburrak hori erakutsi digu. 10 urte bete-bete hauetan bestelako bideei ekiteko gaitasuna dugula. Hamargarrenez, ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehunka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-eman hauxe bera da erakusle argia".


Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura"
Egutegia
-Otsailak 25-martxoak 13: eskabideak errigora.eus bidez edo NOAUA! Kultur Elkartean.
-Apirila amaieran-maiatza hasieran: eskatutako produktuen bilketa.
-Ordainketa: online eginez gero bi zatitan ordaintzeko aukera edo eskudirutan dena batera produktuak jasotzerakoan.

Produktuen eskaintza
-Ardoa: bereziak, gorenak.
-Oliba-olio birjina estra.
-Kontserbak: zainzuriak, orburuak, kardua, barazkiak, tomatea, piperrak, arbendolak, txitxirioak, babarrunak, potxak, menestra...
-Pastak.
-Lekaleak.

Informazio gehiago: errigora.eus