'Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat" ekimenaren baitan kokatzen da trantsizio ekosoziala lantzeko parte-hartze prozesua. Xabier Otxoa Usurbilgo EAJ-PNVko bozeramaileak positibotzat eta aberasgarritzat jo du martxan den lanketa.
Etorkizun jasangarriago baten alde
Prentsa-ohar baten bidez, Xabier Otxoak prozesu honen garrantzia nabarmendu du: "Trantsizio ekosoziala, aurre egin behar diogun krisi klimatiko eta ekologikoaren aurrean premiazko beharra izateaz gain, guztiontzako etorkizun jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko aukera ere bada. 'Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat' da herritarren parte-hartzeak eta erabakiak elkarrekin hartzeak helburu horiek lortzeko ahalegin kolektiboak nola aberastu eta indartu ditzaketen erakusten duen adibidea".
"Gune baliotsua da ideien trukerako"
Usurbilgo EAJ-PNVren esanetan, "partaidetza-prozesuak erakutsi du gune baliotsua dela entzute aktiborako eta ideien trukerako, eta aukera eman die hainbat pertsonari eta gizarte-eragileri beren ikuspegiak partekatzeko eta etorkizuneko erronka handinahi baina egingarriak diseinatzen laguntzeko". Orain arte, lau saio egin dira baina etorkizunean gehiago egingo direla aurreikusi da, "eta horrek azpimarratzen du komunitateak etengabeko konpromisoa duela proiektu eraldatzaile horrekin".
Usurbilgo alderdi jeltzaleak "herritar guztiak gonbidatzen ditu 'Usurbil Bizi'-ren hurrengo saioetan parte hartzera, bere babesa berretsiz eta Usurbil jasangarriago eta bidezkoago baten eraikuntzan lankidetza eta parte-hartze aktiboaren garrantzia azpimarratuz".
Prozesu eraldatzailea
Trantsizio ekosoziala prozesu eraldatzailea da, eta "gure gizarteak eredu jasangarriago eta bidezkoagoetara bideratu nahi ditu, giza ongizatearen eta planetaren osasunaren arteko interdependentzian oinarrituta. Ikuspegi horrek aldaketa sakonak eskatzen ditu bizi, lan egin eta naturarekin nahiz gure artean harremanak izateko moduan, iraunkortasuna, ekitatea eta erresilientzia lehenetsiz ingurumen- eta gizarte-erronken aurrean".