Atxilotu bat Usurbilen, azaroaren 8ko Realaren eta Benficaren arteko neurketaren atarian izandako gertakarien harira

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 22a, 12:35

Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, haietako bat Usurbilen, beste hamahiru ikerketapean direla berri eman du. Bultzada Txuriurdina taldeak atxilotuok aske uztea eskatu du. Kaleratu duten adierazpenean, azaroaren 8ko futbol partidaren aurretik izandako istiluei buruz adierazi dutenez, "errealzale batzuk euren burua eta gainerako errealzaleena defendatu behar izan zuten. Eta autodefentsa hori burutzeagatik ari dira orain jazartuak eta zigortuak izaten".

Ertzaintzak ohar bidez berri eman duenez, bi pertsona atxilotu dituzte asteazken honetan, haietako bat Usurbilen, azaroaren 8an Donostiako Reale Arena futbol-zelaian izandako Realaren eta Benficaren arteko neurketaren aurretik izandako gertakarien harira. Ertzaintzaren arabera, "ordena publikoko istiluak gertatu ziren Realeko eta Benficako jarraitzaileen artean Amara auzoko Armeria plazan, futbol-zelaitik gertu, bi taldeek jokatu behar zuten Champions Leagueko partidaren atarian". Une hartan, "istilu haien ondorioz, partidaren segurtasun-dispositiboan parte hartzen ari ziren Ertzaintzako baliabideek esku hartu behar izan zuten, eta lau pertsona atxilotu zituzten".

Egun hartan gertatutakoari lotuta, asteazken honetan, Ertzaintzak berri eman duenez, "bi pertsona atxilotu zituzten Lezon eta Usurbilen, istilu horietan inplikatuta egoteagatik". Atxilotuak "Donostiako Ertzain-etxera eraman zituzten zegozkion izapideak egitera, eta, horiek amaitzean, agintari judizialaren aurrera emango dituzte". Ertzaintzak zehaztu duenez, "desordena publikoak, liskar nahaspilatsua eta lesioak eragitea". Atxiloketa hauez gain, Ertzaintzak berri eman duenez, "beste hamahiru pertsonari jakinarazi diete gertaeretan inplikatuta daudela, eta ikerketapean geratu dira".


Atxilotuak aske uzteko eskaera
Bultzada TxuriUrdina taldetik errepresioaren aurka agertu eta atxilotuak askatzea galdegin dute. Ostiraleko Realaren neurketara ez direla joango iragarri dute. Adierazpena kaleratu dute, "jakin bagenekielako, urak lasaitzen zirenean, sorgin ehiza hau hasiko zela". Bultzadatik azaldu dutenez, "pasa den azaroaren 8an Armerias plaza errealzalez beteta zegoen, betiko lez, partida hasi baino lehen, jendeak lasai edan eta abesten zuen bitartean. Estadio inguruan sekulako segurtasun dispositiboa, tamaina honetako partidek duten dimentsioa kontuan izanda. Armerias plaza inguruan Ertzaintzaren furgonetak, agertokia "zaintzen". Eta hara zer eta guztion harridurarako, gozamen hori zarata, tentsio eta ezinegon bihurtu zenean. Zaindua eta bigilatua izaten ari zen plaza hori erasotua izan zen. Eta ez behin bakarrik, bizpahiru aldiz baizik. Adin guztietako errealzaleak, umeetatik hasi eta edadutenetaraino, guztiak alde batetik bestera korrika, panikoak itota, plazara iritsi ziren erasotzaileen jarreragatik".

Arrarotzat jotzen du talde honek "Ertzaintzak, minutu gutxi batzuk lehenago bi furgoneta zituen toki berberetik sartu izana"  plazara erasotzaileak. Azaldu dutenez, "lehen erasotik bigarren erasora bost minutu eskas pasatu zirela ere, Ertzaintzaren furgoneta baten albotik pasa eta berriz ere plazako jendea erasotzeari ekin zioten. Berriro ere Ertzaintza zegoen tokitik igarota". Gaineratu dutenez, "zelai inguruan hogei bat furgoneta eta jendez gainezka dagoen eta bigilatua egoten den plaza batean bat ere ez".

Egoera horren aurrean, bultzada taldetik azaldu dutenez, "plaza honetan zeuden errealzale batzuk euren burua eta gainerako errealzaleena defendatu behar izan zuten. Eta autodefentsa hori burutzeagatik ari dira orain jazartuak eta zigortuak izaten. Poliziak egun hartan izan zituen inakzioa eta arduragabekeria ikaragarriarengatik ari dira atxilotu eta auziperatuak izaten".

Testuinguru honetan, "erantzunkizuna norena" den galdetu dute.