Usurbilen giroturiko Mattinen "Handantza" komikiaren aurkezpena eta "Hona bostekoa!" erakusketaren irekiera gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 09:15

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan sortu diren "Hona bostekoa" komikien bildumaren erakusketa zabalduko dute ostiral honetan 19:00etan Sutegin; tartean, ekitaldian bertan izango den Mattinena. Donejakue bideko ibiltari bat protagonista duen "Handantza" aurkeztuko du.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan sortu diren "Hona bostekoa" komikien bildumaren erakusketa zabalduko dute ostiral honetan 19:00etan Sutegin; tartean, ekitaldian bertan izango den Mattinena. Donejakue bideko ibiltari bat protagonista duen "Handantza" aurkeztuko du.

Euskal kultura eta sorkuntza sustatzen dituen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitan bideratu du 'Handantza'. "Nora gaztea Donejakue bidea egiten ari da, oinez. Abenturak bizitzeko irrikaz dago. Usurbilera iristean, herria ezagutzeko aukera izango du: ondarea, ibaia, herritarrak... Bizitzako aberastasunaz ohartuko da". Hortxe 'Handantza'-ren abiapuntua.

Hilaren 23an 19:00etan aurkeztuko du "Handantza" Sutegiko erakustaretoan. "Horrekin batera, “Hona bostekoa” erakusketaren irekiera ekitaldia izango dugu", iragarri du Usurbilgo Udalak. Izan ere, Udalbiltzaren egitasmo honen baitan, "sortutako “Hona bostekoa” komiki-bilduman, bost komikilarik bost komiki labur sortu dituzte, bakoitza Euskal herriko gune batean kokatua. Hauen artean, Iñaki Martiarena “Mattin” marrazkilariak, 2023ko udan Usurbilen egindako egonaldian, “Handantza” komikia sortu zuen". Hauek guztiak ikusgai izango dira hilaren 23tik martxoaren 1era Sutegin bertan. Hain zuzen, Mattinenaz gain, "Eñaut Aiartzaguena, Unai Gaztelumendi, Aritz Ibarra eta Kotetok, Amasa-Billabona, Leitza-Berastegi, Bera-Lesaka-Sara-Urruña eta Bergaran egindako egonaldietan tokiotan kokatutako istorio bana ondu dute, eta Axpik azala jarri die".

Lerrootan, Mattinek NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketa:

 

Iazko udako egonaldi hark zerk eman zuen zuretzat?
Eginaldi moduan bizi izan nuen, ardura handiz. Izan ere Usurbilek badu nigan halako esanahi berezi bat eta duen ondare artistikoa kontuan izanda, horri erantzuteko ahalegin handia egin nuen.

Egonaldi hark baldintza egokiak eskaini zizkizun sorkuntzarako?
Baldintza ezinhobeak izan nituen, bai materialki zein prestasun aldetik ere, asetuta eta eskertua nago dudarik gabe. 

Eginaldi honen osteko sorkuntza prozesuak Usurbilekiko ikuspegia aldarazi dizu? 
Zubi baten moduan irudikatu nuen egitasmoa; alde batean ni neu, bestean irakurlea. Hiru oinarriko zubia eraiki nuen: gaztaroko oroitzapenekin, egonaldian bizitakoarekin eta herriko ondare paisajistiko eta artistikoarekin. Kontuan hartu, komikia ez dudala bizi soilik gauza estetiko bezala, komunikaziorako tresnatzat hartzen dut ere. Irakurlearen erantzuna jasotzeko irrikaz nago eta hilaren 23ko aurkezpena horretarako aukera izan daiteke.

Egonalditik jasotakoa komiki batean islatzeko bidea nolakoa izan da?
Kasu honetan, paisaia izan zen abiapuntua. Nire ibilbidean, pauso berri bat eman nuen Usurbilen; kolorearekin ahalegin handi bat egin nuen. Irudiari garrantzia eman arren, ondoren, banuen mezu bat transmititzeko eta horretarako hitzak ere baliatu nituen. Asko zaindu dut ere, idazketa. Azken batean, paperezko film bat da hau. 

Lehen xehetasunak eman dira ezagutzera; "Handantza" du izena eta San Esteban kalea ageri zaigu azalean. Usurbil ikusiko dugu?
Publikoa hartu nuen kontuan, ez baita soilik usurbildarra izango, Euskal Herriko edozein irakurle da eta askok beharbada ez dute Usurbil ezagutuko. 

Usurbila datorren ibiltari bat da protagonista. Bisitariaren lekuan kokatu nahi izan duzu irakurlea?
Bizitasun horretan. Joera dut oinez ibiltzeko eta nire lan egiteko modua da. Egonaldi honetan ere ibili eta pausoz pauso oharrak jasotzen aritu nintzen koaderno xume batean. Lekuei eta emozioei erreparatzeko modu bat da oinez ibiltzea. Lana gonbidapen bat da Usurbila hurbiltzeko eta joateko oinez. Are gehiago, gaur egun presaka gabiltzala ikusita. 

Otsailaren 23ko aurkezpena zertarako baliatu nahi zenuke?
Ekitaldia bera xumea izango da, erakusketaren irekiera izango da. Euskarazko sorkuntzan komikia bazterreko genero bat izan da. Erakusketa honi esker, publikoak ikusi ahalko du komikiak ere izan beharko lukeela bere lekua sorkuntza honetan. Publikoak ikusiko luke edozein gai landu daitekeela komikiaren bitartez, askotariko estiloetan. Urteetan iruditeri bat sortzen aritu gara euskararentzat. Zorionez erakundeak ohartu dira horretaz eta horregatik sortu zuten deialdi hau.