Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz izango diren zehaztu du ostegun arratsalde honetan, ezohiko gobernu bilera amaieran eginiko agerraldi bidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Iñigo Urkulluk. Zurrumurruek ziotena baieztatu berri du; izan ere, apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.
Une honetatik aurrera, egun horri begirako prestaketa lan guztiak abiaraziko dituzte eragile politikoek. Hauteskundeak deitzeko dekretua otsailaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratuko duela iragarri du Urkulluk. Une horretan, ofizialki Eusko Legebiltzarra desegingo da.
Hortik aurrera, hauteskunde kanpaina apirilaren 5etik 19ra izango da. Aurrez erabakiko da ziurrenik, egun horretan hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herritarren hautaketa. Ohi bezala, Udalak egingo du zozketa.
Eusko Legebiltzarra berritzeko azkeneko hauteskundeak 2020ko uztailaren 12an egin ziren, covid19ak eragindako osasun krisialdi betean. Berez, urte hartako apirilaren 5erako deitu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeok baina atzeratzea erabaki zituen, hitzordu hau egin ahal izateko beharrezko osasun eta bozkatzeko bermeak ezingo zirela bete ikusita.
Europakoak ekainaren 9an
Data hau finkatuta, dagoeneko badakigu, momentuz, 2024an izango ditugun bi hauteskunde egunak noiz izango diren. Aipatu moduan, apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarra berritzeko bozketa eguna izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ekainaren 9an berriz ere hitza hartzeko aukera izango dugu. Izan ere, egun horretan izango dira Europako parlamenturako hauteskundeak.