Aginaga eta Txokoaldeko hondakin-urak kolektore nagusira batu dira

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 16:33

Ura Garapen Agentziak zuzendu duen saneamendu-lanari esker, Aginaga eta Txokoaldeko auzoko hondakin-urak kolektore nagusira bideratuko dira. Orain arte, Oria ibaira isurtzen ziren. 6 milioi euroko inbertsioa egin da eta 27 hilabete behar izan dira lan denak burutzeko.

Aginaga eta Txokoaldeko herriguneetako isuriak Oria ibaira isurtzen ziren orain arte. Hondakin horiek modu egokian biltzeko,  kolektore nagusiarekin bat egiteko lotunea eraiki da, 6.600 metroko luzerakoa. Horretaz gain, "eremu horretan sakabanatuta dauden etxebizitzetako urak biltzeko aukera ematen duten bigarren mailako adarrak ere eraiki dira", Uraren Euskal Agentziak aditzera eman duenez.

Kolektore horiek Aginagako behealdetik abiatzen dira, "Txiñorta izenekotik, eta Usurbil- Lasarte Oria-Hernaniko hodi biltzaile nagusiarekin bat egiten dute, Usurbilgo Zumartegi poligonoan, Osinaldeko hondakin-urak ponpatzeko estazioaren parean".

Kolektore horiek euri-urak hondakin-uretatik bereizteko moduan eraiki dira, hodi biltzailera bideratu aurretik. Era berean, obrek barne hartu dute hondakin-urak ponpatzeko bi estazio berri eraikitzea (Txokoalde eta Aginaga HUPEak). Antzeko ezaugarri arkitektonikoak dituzte biek.

 

Mantentze-lanak eta ustiapena

Saneamendu-azpiegitura berriaren mantentzea eta ustiapena Usurbilgo Udalaren eta Añarbeko Uren artean hitzartu da, eta, horretarako, bi erakundeek dagokion akordioa sinatu dute: Añarbe arduratuko da ponpaketa-estazio berriez eta kolektore nagusiez, eta Udalak hartuko du bere gain bigarren mailako sareen kudeaketa.

 

Ura eta Añarbeko Urak-en arteko lankidetza

Obrak egiteko 27 hilabete behar izan dira, eta 6 milioi euroko inbertsioa. Uraren Euskal Agentziak %60an finantzatu du eta gainontzeko %40a Añarbeko Urak hartu du bere gain.