PSE-EEk Atsobakarreko kirol partzela erabiltzeko aurreikuspen falta deitoratu du

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 17:16

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Atsobakar eremua Urbil merkataritza-gunearen parean dago. Petri Romero zinegotzi sozialistaren esanetan, "aurreikuspenik ez izateaz gain", Lasarte-Oriari ez zaio partzela hori baliatzeko aukera eman. Lasarte-Oriako Udala hain zuzen, kirol-gune bat eraikitzen ari da bertan, eta ekipamendu horiek Usurbilgo bizilagunentzat ere onuragarri izango direla dio Romerok.

PSE-EEk deitoratu egin du EH Bilduren gobernuak Atsobakarreko lursailerako duen aurreikuspen falta. Gaur egun, eremu horren aldameneko lurzatian, "Lasarte-Oriako Udala proiektu estrategiko bat eraikitzen ari da Buruntzaldeko kirol mankomunitatearentzat, eta horren parte da Usurbil". Urbil merkataritza-gunearen parean dagoen azalera Usurbilgo Udalarena da eta lur zati hori ere kirol erabilerarako izendatuta dago. EHBilduren udal gobernuak ordea, ez du bertan ezer eraikitzeko asmorik eta horrek PSE-EEren kexua eragin du.

Lasarte-Oriako Udalaren egitasmoa aldiz, hasi da itxura hartzen. Futbol zein errugbi zelai berri bat eraikitzen ari dira, "Ohorezko Mailako kategorian lehiatzeko modukoa. Gainera, atletismo pista homologatu berria eraikiko da, sei kalerekin eta 400 metroko eraztunarekin. Euskadiko Txapelketa absolutuak jokatu ahal izango dira bertan". PSE-EEko zinegotzi usurbildarraren esanetan, "obra horiek sei milioi eurotik gorako kostua izango dute, eta aurtengo irailean amaitzea aurreikusten da".

Petri Romero Usurbilgo sozialisten bozeramaileak Atsobakar udal-partzelaren etorkizunari buruz galdetu du Usurbilgo Udaletxean. "Ezustekoa hartu dut EHBilduk gidatzen duen udal gobernuak lursail horretarako aurreikuspenik ez duela jakin dudanean, partzela txikia dela argudiatuz. Usurbilgo Udalak eskualdeko proiektu estrategiko honekin bat egiteko aukera galdu duela uste du Romerok. Besteak beste, usurbildar lursail hori "Lasarte-Oriaren alde lagata, etorkizuneko kirol-instalazioen harmailak handitu ahal izango zirelako".