Aldarrikapenek eta ospakizunek bat egingo dute Martxoaren 8an

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 19:00

Usurbilgo Udalak, Kafe Tertulia talde feministak eta Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak elkarlanean antolatu dute Martxoaren 8ko egitaraua. Prentsaurreko bidez iragarri dute aurtengo deialdia. 

Gaur arratsaldeko agerraldian aditzera eman dutenez, "ez dira gutxi aurtengo martxoaren 8ari egotzi dizkiogun helburuak. Borrokarako, elkartzeko eta ospatzeko eguna izatea nahiko genuke eta asmo horrekin osatu dugu aurtengo egitaraua".

 

Emakumeen Etxeari lotutako asanblada

Arratsaldeko 18:00etan Emakumeen Etxeko asanblada deitu dute. “Dei berezia egin nahi diegu emakumeei batzar horretan parte hartzeko. Helburua izango da Emakumeen Etxearen funtzionamendua zein izango den gogoraratzea, eskuartean dugun proiektua partekatzea eta ideia berriak jasotzea, eta irekiera prestatzea (kontuan izan martxoaren amaieran inauguratuko dela)".

 

Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

Asanblada amaitu eta gero, emakumeen ahots ezberdinak plazaratuko dituzte Mikel Laboa plazan egingo den elkarretaratzean.

 

Poteo musikatua

Eta 21:00etarako, poteo musikatua iragarri dute Artzabalen. "Modu informalagoan egoteko espazioa sortu nahi izan dugu: inklusiboagoa, belaunaldi artekoa, elkar ezagutuz ahizpatasuna lantzeko". 10 eurotan egongo dira tiketak salgai Aitzagan, Txirristran eta Artzabalen. "Herriko feminista guztiei dei egin nahi diegu afaltzera etortzeko, Martxoaren 8a eta Emakumeen Etxearen irekiera ospatzera".