"Handantza" Geuretik Sortuak ekimenean egindako lana aurkeztu dute Sutegin

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 19:54

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan sortu diren "Hona bostekoa" komiki bildumaren erakusketa zabaldu dute Sutegin. Irekiera ekitaldia Mattin komikigileak parte hartu du proiektuaren azalpenak emateko. Donejakue bideko ibiltari bat protagonista duen "Handantza" lana aurkeztu du.

Euskal kultura eta sorkuntza sustatzen dituen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitan bideratu du 'Handantza'. "Nora gaztea Donejakue bidea egiten ari da, oinez. Abenturak bizitzeko irrikaz dago. Usurbilera iristean, herria ezagutzeko aukera izango du: ondarea, ibaia, herritarrak... Bizitzako aberastasunaz ohartuko da". Hortxe 'Handantza'-ren abiapuntua.

"Hona bostekoa” komiki-bilduman, bost komikilarik bost komiki labur sortu dituzte, bakoitza Euskal herriko gune batean kokatuta. Tartean, Iñaki Martiarena “Mattin” marrazkilariak, 2023ko udan Usurbilen egindako egonaldian,  sortu zuen “Handantza” komikia. Hauek guztiak ikusgai izango dira hilaren 23tik martxoaren 1era Sutegiko Erakusketa Aretoan. Hain zuzen, Mattinenaz gain, "Eñaut Aiartzaguena, Unai Gaztelumendi, Aritz Ibarra eta Kotetok, Amasa-Billabona, Leitza-Berastegi, Bera-Lesaka-Sara-Urruña eta Bergaran egindako egonaldietan tokiotan kokatutako istorio bana ondu dute, eta Axpik azala jarri die".