"Louis" izeneko borraskak haize bolada gogorrak ekarri badizkigu azken egunotan, "Monica" izena jarri dioten ekaitzak euriteak dakartza gaurtik. Gogotik egingo omen du euria datozen orduotan. Gutxitan bezala, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du astelehen eguerdian, 12:00etan, prezipitazio iraunkorrengatik. 24 orduz egongo dela indarrean ohartarazi dute Jaurlaritzatik, astearte eguerdiko 12:00ak arte. Denbora tarte horretan, metro karratuko 80 litro baino gehiago pila daitezkeela iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. "Prezipitazioa ertaina, iraunkorra eta oso ugaria izango da", zehaztu du Euskalmet-ek.
Euriarekin batera, haizeak ere gogor joko du hurrengo orduotan. Haizeguneetan, 100 kilometro ordutik gorako ipar-mendebaldeko boladak izan ditzakegu, "bereziki mendi inguruetan eta mendebaldeko kostaldean. Bestalde, haizeguneak ez diren tokietan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", Euskalmet-ek ohartarazi duenez. Horregatik, abisu horia ezarri dute astelehen arratsaldeko 15:00etan hasi eta astearte arratsaldeko 15:00ak arte.
Astearte gauetik baretzen
Giro honekin, astelehen hau, otsailaren 26a, Usurbilen "goibel eta euritsu" esnatuko zaigu eguna, aipatu meteorologia agentziaren arabera. "Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogor batzuekin, arratsalde-gau partean ipar-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".
Asteartean, hilaren 27an, "goibel egongo da eta euria etengabe egingo du. Gauean atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".
Asteazkenean, hilaren 28an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.