Etxeko konponketei buruzko Jabetze Eskolan matrikulatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 26a, 08:04

Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak udaberrirako Jabetze Eskolen baitan iragarritako lehenengo ikastaroa zein izango den aurreratu eta izen-emateko epea ireki du.

Etxeko konponketei buruzko Jabetze Eskola
Jabetze Eskolak udaberrian segida izango du ikastaro berriekin. Lehenengoa zein izango den aurreratu du jada Usurbilgo Udalak. Izan ere, Parekidetasun Sailak emakumeei zuzenduriko etxeko konponketei buruzko ikastaroa iragarri du. "Tailerraren helburua etxean sortzen diren konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea da, halakoak egiteko beldurra galdu eta konfiantza gehiagorekin aritzeko. Bi orduko zortzi saio izango dira, eta hainbat eratako lanak ikasiko dituzte: entxufeak konpontzea, iturriak ura galtzen duenean zer egin, apalak jartzea, paretak lisatzea edo pintatzea", Udaletik berri eman dutenez.

Saioak astelehenetan eskainiko dituzte Atallu industriagunean (Zanpiura, 3an) martxoaren 11tik maiatzaren 13ra, 17:00-19:00 artean. Euskaraz eskainiko da ikastaroa eta hamabi lagunentzako tokia egongo da. Izena otsailaren 26tik martxoaren 8ra, bideotatik eman ahalko da: parekidetasuna@usurbil.eus / 943 371 951.


KzGunea
Otsaila amaierara arte, hilaren 29ra arte goizez zabalduko dute Kzgunea, 9:00-13:00 artean, martxoan 16:00-20:00 artean. Datozen ikastaroak hain zuzen, hurrengo hilabeterako iragarri dituzte:
-Martxoak 1-6, 16:00-18:00 "PC, teklarua eta sagua hasieratik nola erabili ikas ezazu".
-Martxoak 7-20, 16:00-18:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".
-Martxoak 21-27 16:00-18:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net
kzgunea.eus


Kantu Taldea
Gogoan izan, 15 urte bete dituen bilgune honek abian duela ikastaroa. Astelehenero arratsaldeko 18:00etan ikastolako musika gelan biltzen dira, Jaione Eskuderoren gidaritzapean. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.