"Lurra esnatzeko eguna"

Traktoreak bidera irtengo dira berriz ostiralean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 26a, 18:29

Gipuzkoako baserritarrek, EHNE eta ENBA sindikatuek eta Baso Elkarteak mobilizatzeko deia egin dute ostiralean, martxoaren lehenean. Traktoreak bidera ateratzeko deia egin dute, baserritarrek duela bi aste egin zuten moduan. Gipuzkoako hiru eskualdeetatik traktore eta ibilgailu zutabe bana bideratuko dute. Haietako batek udalerri hau zeharkatuko du. Donostian elkartuko dira denak eta goiza Gipuzkoako Batzar Nagusietan amaituko dute ekitaldi batekin.

"Martxoak 1, Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna" izango dela iragarri dute Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA) eta Gipuzkoako EHNE sindikatuek, Gipuzkoako Baso Elkartearekin eta herrialde mailako baserritarrekin batera. Traktore eta ibilgailuak bidera aterako dituzte. Ostiral honetan, "lurraldeko nekazari, abeltzain eta baso jabe guztiak deitzen ditugu martxoaren 1eko mobilizazioan parte har dezaten", deitu dute.

Izan ere, deitzaileon esanetan, "gure lehen sektorea oso egoera larrian dago eta, honenbestez, ñabardurak alde batera utzita, behar-beharrezkoa da, lehen sektore osoa bat eginda agertzea, Gipuzkoako gizarteak gure aldarria entzun eta bereganatu dezan". Nabarmendu dutenez, lehen sektorearen batasuna lehenetsi nahi dute, modu horretan, "indartsuagoak garelako".

Mobilizatzera deitu dute, "lurraldeko baserritarrak eta baserriko ogibidea babesteko eta gure eguneroko lana erraztu beharra defendatzeko. Gipuzkoar guztiei egiten diegu deia, bere parte hartzearekin, baserriaren aldeko konpromezua azaldu dezaten". Gogorarazi dutenez, "martxoak 1 izango da Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna. Zure partehartzea nahi eta behar dugu, gonbidatua zaude, zu eta Gipuzkoako gizarte osoa". Egunotan, ostiraleko mobilizazioaren aurretik jakinarazi asmo dute deialdiari atxikimendua adierazi dioten "elkarte, eragile eta entitateen zerrenda". 

Zutabeetako bat Usurbildik
Gipuzkoako lehen sektore osoa deitu dute martxoaren 1eko mobilizazioan parte hartzera. Eskualdez eskualde Donostiaraino traktore eta ibilgailuak bidera aterako dituzte. Hiru ilara edo zutabe osatuko dituzte eta haietako batek udalerri hau zeharkatuko du. Izan ere, Urola Kostatik, Oriotik abiatuko dira hainbat traktore eta Urbilgo aparkalekura etorriko dira.

Beste zutabeetako batek Goierri eta Tolosaldea zeharkatuko ditu eta Andoaindik Donostiara helduko da. Azkena, Oarsoaldetik abiatuko da. Gero, denak Donostian elkartuko dira. Hiriburuko kaleak igaro ostean, Illunbetik gora Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian elkartuko dira.

Bertan, ekitaldi batean manifestua irakurriko dute eta dokumentu hau gero erakunde horretan ordezkatuak dauden alderdi politikoetako ordezkariei helaraziko diete. Bertara joateko deia egin dute. "Batzar Nagusietan bertan egingo den elkarretaratzean ahalik eta jende gehien biltzea espero dugu eta honenbestez, ibilgailu ilaran parte hartuko ez duen jendea, Batzar Nagusietako elkarretaratzean parte hartzea deitzen dugu, bertan irakurri eta entregatuko baitzaie, Gipuzkoako lurraldean dauden alderdi politiko guztiei, gure artean adostutako dokumentua. Beraz, esan bezala, Gipuzkoako baserritar guztiei egiten diegu deia, nahiz nekazari, abeltzain zein basozaleak, izan, martxoaren 1eko mobilizazioan parte har dezaten".


"Martxoak 1, lurra esnatzeko eguna"
Eguna: martxoak 1, ostirala.
Hiru zutabe, hiru ibilbide:
1-Lehen zutabea: Goierri-Tolosaldea-Andoain:
8:30 Legorretako tren geltokiko aparkalekua.
9:00 Tolosako Artzabaltza poligonoaren sarrera.
10:00 Andoaingo Petromiralles gasolindegia.

2-Bigarren zutabea, Urola-Kosta-Urbil merkatalgunea:
9:00 Orioko Ubegun poligonoa.
9:45 Urbil merkatalguneko aparkalekua.

3-Hirugarren zutabea, Bidasoaldea-Donostialdea-Garbera merkatalgunea:
9:00 Oreretako Masti Loidi poligonoa.
9:30 Garberako aparkalekua.

Gero, denek Donostiako kaleak zeharkatuko dituzte.
Ondoren, ibilgailu guztiak Ilunbetik gora Gipuzkoako Batzar Nagusietara joko dute.
12:00 Mobilizazioko parte hartzaileak elkartuko dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
12:30 Ekitaldia Gipuzkoako Batzar Nagusietako eraikinaren patioan: manifestuaren irakurketa eta dokumentu hori Gipuzkoako alderdi politiko guztietako ordezkariei helaraziko diete.