Palestinaren aldeko elkartasun asteburua deitu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 26a, 12:25

Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaileen esku utzi, palestinar herria lagundu eta herri honek bizi duen egoera ikusarazteko elkartasun aktiborako astea deitu dute Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa plataformek Euskal Herrian. Usurbilgo herritar talde batek ekimenokin bat egin eta mobilizaziorako asteburua iragarri du.

Lehenagotik urte luzez, baina urriaren 7az geroztik Israelek Palestinaren aurkako erasoaldia nabarmen gogortu ostean, gogoan izango duzue Gernika-Palestina herritar taldea osatu zutela eta hilabete hartan bertan, mobilizazioak deitzeari ekin ziotela; Donostian manifestazio nazionala edota handik hilabetera, azaroaren 7an, herriz herri elkarretaratzeak. Plataforma honek hainbat sindikatu (LAB, ELA, CCOO, UGT, Steilas, CGT eta Etxalde) eta Ikama ikasle mugimenduarekin batera, elkartasun aktiborako astea deitu dute herriz herri.

"Yala Nafarroa" kolektiboa ere deialdi honetara batu da, eta guztiek, "2 ordu Palestinarekin" elkarretaratzeak deitu dituzte datorren astebururako, tokian tokiko  kolektiboekin lankidetzan. Ekimenokin, "ekintza komunitarioa sustatu nahi dute Gazan, kolektibo palestinarren bidez". Horretarako herritarrei diru ekarpenak egitera deitu diete. Bestalde, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramatea sustatzeko ekimena ere izango da honako hau.

Deialdiokin bat egin du baita Usurbilgo herritar talde batek ere eta zenbait ekimen deitu ditu otsailaren 29tik martxoaren 2ra. Batetik, elkartasun mahaia jarriko dute otsailaren 29tik martxoaren 2ra frontoi inguruan, Palestinaren aldeko diru bilketa bideratzeko baita balkoietan jartzeko palestinar banderolak eskuratzeko ere. Modu horretan, Palestinak bizi duen egoera ikusarazten laguntzea nahi da. Martxoaren 2an, bestalde, "bi ordu Palestinarekin" elkarretaratzea egingo da Mikel Laboa plazan, herri eragile ezberdinekin lankidetzan.

Honatx elkartasun asteburu horri begira, Usurbilgo herritar talde batek helarazitako adierazpena:


Adierazpena

Palestinaren aldeko elkartasun aktiborako deia Usurbilgo herritarrei!
“Gernika Palestina” eta “Yala Nafarroa” plataformek luzatutako deialdiarekin bat egin dugu Usurbilen.

Zertarako?

  • Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko.
  • Gazan elkartasun proiektuak bultzatzeko.
  • Palestina leku guztietan ikustarazteko.

Helburu horiekin elkartasun mahaia egongo da Frontoiaren inguruan (Osteguna, otsailak 29, 18:30-20:00; Ostirala, martxoak 1, 18:30-20:00; larunbata, martxoak 2, 12:30-14:00). Bertan, salgai egongo dira Palestinako banderak balkoietan jartzeko. Elkartasun kutxa ere izango da, goian aipatutako helburuetarako dirua biltzeko.

Martxoaren 2an, “2 ordu Palestinarekin” elkarretaratzea izango da (12:00 -14:00) Mikel Laboa Plazan, herriko hainbat talderen eskutik.

 

SOS GAZA !!

PALESTINA ASKATU!!

Palestinaren aldeko herritar taldea.