Kirol instalakuntzak hobetzeko konpromisoa berretsi dute

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 28a, 09:23

Harane futbol zelai berritua bisitatzen izan ziren iragan astean, Usurbilgo Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkaritza bat. Kirol instalakuntzak berritzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

Haraneko futbol zelaia berritu zuen iaz Usurbilgo Udalak; zelai artifiziala eta ateetako sareak. Guztira, 210.771,42 euroko inbertsioa bideratu zuen lanotara. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 75.998 euroko dirulaguntza jaso zuen egitasmo honetarako eta kopuru honekin inbertsioaren %36a finantzatu zuen. Berrikuntza lanok bideratzea ahalbidetu duten bi erakundeotako ordezkariak Haraneko berrikuntzak ikusten izan ziren iragan astean.

Obra garrantzitsutzat jo zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, "erabiltzaile asko dituelako. Futbol klubak indar handia du Usurbilen, talde eta erabiltzaile asko". Udal gobernu taldetik zehaztu zutenez, 9-36 urte arteko 260 erabiltzaile inguru ditu Haranek. Usurbil FTk, Udarregi ikastolak, Zirimarak baliatzen dute eremu hau, Donosti Cup txapelketako neurketak ere bertan jokatzen dira, baita futbol zazpiko ligaxkako partidak ere. Horregatik, kirol alorreko zinegotzi Xabat Belokik iragan asteko bisitan berri eman zuen moduan, "garrantzitsua iruditzen zitzaigun espazio hau era duin batean berritzea". Sarri erabiltzen den zelaia da Haranekoa eta berritu beharra zegoela gaineratu zuen. "Fabrikatzaileen esanetan, 10-12 urte irauten dute futbol zelaiek, gurea hamazazpi urteetan ez da aldatu", berri eman zuen.

Foru Aldunditik jasotako laguntza nabarmendu zuen alkateak, instalakuntzok berritzeko duten plangintzarik gabe "nekezagoa litzatekeelako udalontzat gisa honetako proiektuak aurrera eramatea". Haranen egin bezala, norabide berean, iragarri zuenez, "jarduera inbertsio plan bat osatzen ari gara ditugun kirol instalakuntzen mantentze eta hobekuntzarako eta gure herriko kirol jardueren eskaintza zabaltzeko". Hala, herritarren aldetik jasotako eskariei erantzunez, "skate parkea hobetzea eta handitzea dago asmoen artean. Bada indarra hartu duen eskari bat ere, padel pista bat egitea". Egitasmook Legealdi Planean aurreikusiak dituztela berri eman zuen alkateak, "azken batean, kirola, ariketa fisikoa, bizitza osasungarriak sustatzea badelako gure helburua eta bide horretan jarraituko dugu".


Kirol Ekipamenduen Plana 
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Marta Pastorrek berri eman zuenez, 1,435 milioi euro bideratu dituzte Buruntzaldeko kirol instalakuntzak berritzera; Haraneko aipatu lanoz gain, Andoaingo futbol zelaia, Lasarte-Oriako kiroldegia eta Astigarragakoa hobetzeko lanak bideratu dituzte. Baita antzeko lan gehiagotara Gipuzkoan barrena. Izan ere, 2023-25 urte tarterako Kirol Ekipamenduen Planaren baitan, 523.091 biztanle (gipuzkoarren %72,8) biltzen dituzten 35 udalerrietako kirol instalakuntzak hobetuko dituzte eta 8,18 milioi euro bideratuko dituzte horretara. Funtsezkotzat jotzen dute Aldunditik, "kirol ekipamenduen oinarrizko sarea kontsolidatzea, lehentasuna emanez egungo kirol ekipamenduen osoko edo zati bateko birmoldaketari eta eraberritzeari, baita ordezkatu edo lekuz aldatzeari ere". Lanok egiteko eremuak hautatzerakoan, kontuan hartu dituzte "maila soziekonomiko ahuleko inguruneak", 500 biztanletik beherako herriak izatea, eraginkortasun energetikoa nahiz irisgarritasuna sustatuko duten proiektuak izatea. Hauez gain, kontuan hartu nahi izan dute ere, "instalazioetako eta inguruko segurtasuna, eskola kirol egokituko programa bat martxan izatea, herriko kirol eskaintzarako sarbidea izateko prezioa murriztea eta gurasoek bere seme-alabekin batera egin dezaketen kirolaren eskaintza egokitzea".

Plagintza horrekin, "gipuzkoarren kirola egiteko aukerak eta baldintzak" hobetu nahi dituzte, "lurralde orekaren alde" egitearekin batera. Hobekuntza lan hauek guztiak giltzarritzat jo zituen, "biztanleriak jarrera aktiboko ohiturak izan ditzan laguntzeko. Are gehiago, herri bakoitzaren beharretara egokitutako kirol-jarduerarako irisgarritasuna eskaintzea ere lortu nahi da". Horregatik, zioenez,  "plan honek hirigintza aktiboaren ikuspegia jasotzen du".