Oriak maila horia gainditu du, Eusko Jaurlaritzak Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu berritan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 26a, 23:14

Euri-jasengatik alerta laranjan gara eguerdiaz geroztik. Testuinguru honetan, Euskadiko Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu du Eusko Jaurlaritzak alerta fasean. Oria ibaia maila horira heldu da gaueko 22:30ak pasatxoan.

Aurreikuspenak betetzen ari dira. Astelehen eguerdiaz geroztik, "prezipitazio iraunkorragatik" alerta laranjan gara eta hala segiko dugu astearte eguerdira arte. Azken orduotan, gogotik ari du euria. Euri-jasa bat bestearen ondotik izaten ari gara eta errioak nabari du dagoeneko. Ikusi bestela, albiste honi atxikitako grafikoa.

Usurbildik gertu, Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten ezarria duen estazioko datuak dituzue agentziak argitaratu eta etengabe eguneratzen ari den grafiko batean bilduak. Bertan, azken 24 orduotan izan den prezipitazio kopurua adierazten du. Astelehen goizaldean euri pixka bat egin du, baina nabarmen hazi da prezipitazioen zenbatekoa eguerdiaz geroztik. Ia etenik gabe aritu du euria. Grafikoaren behealdeko marra berdeak ibaiaren maila zein den adierazten du eta hortxe duzue. Gaueko 22:30ak inguruan maila horira heldu da Oria eta goranzko bidean segi dezake, datozen orduotan atertzen ez badu behintzat.

Larrialdi Plan Berezia aktibatua
Oriaren antzera hazten doa baita gainerako ibai eta erreken ur-emaria. Testuingu horretan, astelehen gaueko 21:00ak pasatxoan Euskadiko Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu du Eusko Jaurlaritzak alerta fasean, ibaien egoera zein den eta datozen orduotan euria etenik gabe egingo duela aurreikusi ostean. Plan berezi horren alerta faseak zera esan nahi du, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren esanetan; oraindik azaleratu ez den baina gerta daitekeen larrialdi egoera baten aurrean egon gaitezkeela.

Alerta fase honetan, aurreabisu egoeran da larrialdi plan hau aktibatzerakoan osatzen den Aholku Batzordea. Batzorde hau, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta uholdeak izan ditzaketen udalerrietako alkateek osatzen dute. Alertatik larrialdi egoerara igaroko balitz, Aholku Batzorde hau bilduko da beharrezko neurriak hartu eta euriteek eragindako kalteei aurre egiteko lanak koordinatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, gainera, Aholku Batzorde hau aurreabisu egoeran jartzearekin batera, babes zibilari eta larrialdi zerbitzuei uholdeak izan daitezkeela jakinarazi diete. Horrez gain, ibaien ur-emarien hurbileko jarraipena egiten ari direla ere berri eman dute.