Uholdeak

Ibaian behera, errioa laku eta lakua itsaso

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 27a, 18:21

Maila gorrira heldu da Oria, ur-emaria irentsi ezinik dabil azken orduotan. Ikusgarri dago, baina adi ibili behar baita; ibai ertzeko hainbat bide itxita daude, zenbait eremu urpean. Urpean baita zenbait soto ere.

Oriak bereganatu du eguneko arreta osoa, Zubietatik hasi eta Aginagaraino. Azken orduotako euri-jasen ondorioz, goizean erriberak hartzen hasi da, baina eguerditik aurrera, ur-emaria nabarmen hazi da eta ondoko irudiok jaso ahal izan ditugu. Oriak gaurkoan hainbat erribera bereganatu ditu, zenbait sotoetan ere ura sartu da. Ikusgarri dago errioa gaurkoan, baina adi ibili beharrean gara haren inguruan. 

Izan ere, zenbait bide itxita daude goizaz geroztik; batetik, Txikierdi eta Zubieta lotzen dituen herri bidea, Aliri zubi ingurua urpean baita. Ezustekorik ere izan da bertan, auto bat urpean geratu baita. Ugaldea eta Atallu inguruetan ere beste hainbeste; Troia eta Zubieta arteko bidea itxita, Troiatik Atallurantz joatea ahalbidetzen duena ere bai. Alderantzizko bidea ere egin nahi duenak, Atallutik Troiara arteko ibilbidea itxita du eta urpean. 

Urpean baita Santuenetik Aginagarainoko erriberak. Santuenean, Aialde Berri atariraino heldu da ura. Txokoalden, Oriatik gertuen diren eraikinen sotoak urpean dira astearte arratsalde honetan. 

Ikusgarri dago Oria, kontuz ibili behar ordea. Alerta egoera igaro da, baina oraindik orain ur-emari ikaragarria dakar errioak eta irentsi ezinean dabil.