Albiste honi atxikitako grafikoa argigarria da oso, Euskalmet meteorologia agentziarena duzue, azken 24 orduotan Usurbildik gertuen, Lasarte-Orian duen estazioan bildutako datuekin. Goizean 9:00ak pasatxotik maila gorrian da baina arratsaldeko 16:00etatik aurrera ur-emaria murrizten hasi dela ohartarazten ari da.
Oriaren ur-emariak azken orduotan izan duen bilakaera ikusgarria izan da. Astelehen gauean, Eusko Jaurlaritzak Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu eta gutxira heldu zen maila horira. Hortik aurrera, gau osoan gorantz eta gorantz egin du udalerri hau zeharkatzen duen ibaiko ur-emariak. Goizaldeko 1:00ak aldera, maila laranja gainditu du eta gorria goizeko 9:00ak pasatxoan. Eta handitzen segi du ur-emariak, albiste honi atxikitako grafikoan ikus dezakezuen moduan, marra berdeari erreparatzen badiozue. 16:00ak aldera hasi da murrizten ur-emaria. Urdin koloreko barrekin, bestalde, azken 24 orduotan zenbat prezipitazio izan diren ikus dezakezue. Euria ia etenik gabe egin du, baina bazkalostetik atertzera jo duela ikus daiteke.
Alerta etenda
Prezipitazio iraunkorragatik indarrean zen alerta laranja bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, baita haizeagatik indarrean zen abisu horia ere. Euskalmet meteorologia agentziak aurreikusi duenez, Usurbilen, datozen orduotan, haizea baretu eta "gauean atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira".
Datozen egunotan euritan segiko du, baina ez azken orduotan bezainbeste. Asteazkenean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoak gutxi edo asko igoko dira".
Ostegunean, "egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu egongo da. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua oso hodeitsu edo estalita geratuko da. Arratsaldean eta gauean euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Egunaren lehenengo partean hego-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin. Arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du ahul-bizi, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.