Uholdeak

Orbeldiko presak "erriberako uholdeak areagotzen ditu" Anerrekaren esanetan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 27a, 13:32

Orbeldiko presak "Oria ibaiaren naturalizazioa eta biodibertsitatearen berreskurapena trabatzeaz gain, erriberako uholdeak areagotzen ditu" adierazi dute Anerreka ingurumen elkartetik, astearte honetan bertan NOAUA!ra helarazitako idatzian. Idatzi horrekin batera albiste honi atxikitako gaurko uholdeen argazkiak helarazi dituzte.

Anerreka ingurumen elkartearen idatzia
Orbeldiko presak, Oria ibaiaren naturalizazioa eta biodibertsitatearen berreskurapena trabatzeaz gain, erriberako uholdeak areagotzen dituela konturatzeko, nahikoa da argazki hauei erreparatzea. Urak, Aliriko zubia igaro eta laster, Txara baserriaren parean, eskubira ateratzen dira eta erribera lasterbide bat bilakatzen da berriro Zorrotza zubiaren ondoan ibairatzeko.

Ucin parean hasi eta Ugaldea poligono amaiera pareraino doan tartea (Txara), Uholde Arrisku Handiko Eremu izendatuta daude, eta horrela jasotzen da tramitean dagoen Herri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO).

Urak beti egiten du bere bidea. Bere norabidea jarraitzen du. Indar geldiezina du bere baitan. Ez zegozkigun espazioak okupatu genituen eta bueltan itzultzeko ordua heldu da. Naturak berak jarriko du bakoitza bere lekuan. Berdin dio, presak Chorraut izena badarama ere. Jasanezina dena, ez baitu teknologiak jasangarri bilakatzen.

Zerk du interes orokorra Orbeldin, natur kontserbazioak edota ur bizkorren kanalak? Bata ez da bestearen osagarri, ezta bestearekin bateragarri ere. Klima larrialdi egoeran gaudela sinesten badugu, gure osasuna baldintzatzeraino iritsi den biodibertsitatearen galeraren testigu izanda, natur ingurunearen erabilera pribaturen aurrean, bioaniztasuna kontserbatu edota berreskuratzeak lehentasuna izan beharko luke.

Kirol ikuskizunen eraginak aparra bezala desagertzen dira; aldiz, halako obrenak luzaroan dituzte ondorio larriak. Ikuskizunak ez al du errealitatea (bioaniztasunaren galera jasanezina) ezkutatuko.

Ez da normala, inondik inora, Olinpiar Jokoetako dominak izatea Oria ibaian sekulako eragina izango duen kanal artifiziala eraikitzeko aitzakia. Panem et circenses (ogia eta zirkuko ikuskizuna), aginte-eredu bihurtuta. 

Anerreka Ingurumen Elkartea