‘Azalerako ipuinak’ izeneko saioak literatura, musika eta masajea uztartzen ditu. Horrela laburbildu dugu guk. Ondo azaldu al dugu? Zuk nola azalduko zenuke?
Saio honetan hainbat kontu uztartzen ditugu: ahozkotasuna, ahozkotasun tradiziotik datorren literatura modernoa, masajea edota jolasa. Haurrekin egin ohi diren gauzak –jolasak, esku-jolasak, kantak, ipuin laburrak– gorputzarekin eta azalarekin lotzen ditugu, jakin badakigulako hizkuntzaren konkista gorputzarekin batera datorrela. 0-3 urte bitarte horretan, azala eta ukimena dira zentzumenik garrantzitsuenak. Handitzen goazen heinean ahaztu egiten dugu hori dena, baina azaletik eta ukimenetik jasotzen dugu informazio guztia. Era berean, hizkuntzak eta mugimenduak bata bestearen beharra dute garatu ahal izateko.
Hasiera batean, urrun samar dirudite literaturaren sustapenak eta gure zentzumenen lanketak. ‘Azalerako ipuinak’ saioan, nola uztartuko dituzue bi lengoaia hauek?
Jolasaren bidez umearen arreta mantenduko dugu. Gorputzean, azalean masaje bat ematen diogun bitartean kantu bat edo ipuintxo bat kontatuko diogu. Horrek lotura afektibo bat sortuko du eta lotura afektiboak lotura literarioa ekarriko du berarekin. Ukimenaren bidez eta laztan goxoen bitartez plazera lotzen dugu kontakizunean zehar. Atmosfera bat sortzea ere garrantzitsua da, plazerezko esperientzia bat izan dadin.
Saio hauetako mekanika edo metodologia nolakoa den azalduko al diguzu?
Bi atal uztartzen ditugu. Ahozko tradiziotik datozen olerki eta jolasen bitartez kantuan edo jolasean aritzen gara. Adin tarte honetan ez dute arreta mantentzeko ahalmen handirik. Horregatik, kantu eta jolasen artean liburuen kontaketak txertatzen ditugu. Adin horretan aproposak diren liburuak hautatzen ditugu. Gurasoek ideiak har ditzaten eta ipuinak nola kontatzen ditugun ikus dezaten.
Presaka, ezin iritsi bizi garen garai ero honetan, norberarentzat eta txikientzat hartutako denbora tarte lasai bat izango da hauxe. Desazelerazio ariketa baten modukoa, ezta?
Bai, hala izatea gustatuko litzaiguke. Egia esan, uste dut oso momentu atsegina bizitzen dutela animatzen diren umeek eta gurasoek. Giro lasaian, gauza politak egiten ditugu; eta taldean, beste ume batzuekin batera. Beste tempo batera jaitsi eta samurtasun horretan kontaktatzea oso garrantzitsua da, eta horrelako gauza txikiekin gozatzea.
0-3 urteko haur txikientzat eta euren gurasoentzat pentsatuta dago eta gehienez ere 45 minutuko iraupena izango du. Gurasoak beraz, saioaren parte aktibo izango dira, ez dira zaintzaile lanetara mugatuko.
Askotan esaten dut umeentzako baino gurasoentzako dela saio hau. 'Azalerako ipuinak'-en helburua da gurasoak motibatzea, haur literaturara hurbiltzea, ideiak hartzea, baliabideak eskuratzea, inspiratzea.. Gurasoen kultura literarioa elikatzeko modua da eta horrek ere umeen interesa piztea ekarriko du berarekin.
Amaitzeko, joan ez joan, zalantzen diren gurasoei zer esango zenieke?
Animatzeko. Oso esperientzia atsegina dela eta zure umearekin tarte goxo hori igarotzea oso gauza ederra dela. Horrelako saio asko egiten ez direnez, ez galtzeko aukera. Nik beso zabalik hartuko ditut.
Negua liburutegian
Otsailak 28, asteazkena
17:30 Azalerako Ipuinak, Saroa Bikandirekin.
Zehaztasunak: "Giro lasaia eta atsegina sortuko dugu ukimena, ipuinak, poemak, kantuak, jolasak, liburuak... baliatuz. Entzumena, kontaktua, ikusmena, usaimena eta dastamena literaturarako ate ireki bat izan daitezke".
Iraupena: 40 minutu.
Nori zuzendua: 0-3 urteko haurrentzat eta euren gurasoentzat.
Izen ematea: Sutegi udal liburutegian.
Oharra: plaza mugatuak.
Martxoak 4, astelehena
18:00 Ameli ipuin kontalariaren ipuin kontaketa saioa.
Nori zuzendua: 4 eta 5 urteko haurrentzat.
Iraupena: 45 mimutu.
Martxoak 5, asteartea
18:30etan hasita, idazketa tailerra Yolanda Arrietarekin.
Nori zuzendua: 16 urtetik gorakoentzat.
Izen ematea: Liburutegian bertan.
Iraupena: ordu eta erdi.
Antolatzaileak: Etumeta Euskaltegiarekin elkarlanean antolatua.
Martxoak 20, asteazkena
19:00 Liburu aurkezpen-solasaldia: Iñaki Zabaletaren "Nazioa eta hizkuntza, Humboldtekin solasean".
Iraupena: ordubete inguru.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.