#A21

Posta bidez bozkatzea eskatzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 28a, 10:43

Apirilaren 21ean izango ditugun Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunari begira, posta bidez bozkatzeko epea zabalik dagoela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Apirilaren 21ean izango ditugun Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako prestaketa lanak abian dira ofizialki. Gogoan izan, iragan ostegunean finkatu zuen bozketa eguna Iñigo Urkullu lehendakariak. Aste hasieran bertan sinatu zuen Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeok deitzeko dekretua. Dekretua bera, atzo kaleratu zuen, otsailaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian

Bertan, azkenekoz hauteskundeok noiz egin ziren oroitzen du aipatu dekretu horrek; 2020ko uztailaren 12an egin ziren azkenekoz, covid19ak eragindako osasun krisialdi betean, baina krisialdi honek deialdia hiru hilabetez atzeratu ostean. Izan ere, berez urte hartako apirila hasierarako deituak zeuden hauteskunde haiek. Konfinatuak ginen ordea eta beharrezko bermerik ezean, uztailera atzeratzea erabaki zituzten hauteskundeok.

Aipatu moduan, lau urtero berritu behar izaten da Eusko Legebiltzarra. Apirilaren 21ean izango dute horretarako hitza hartzeko eskubidea, 18 urtetik gorako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek. Lehendakariak sinatu eta atzo kaleraturiko dekretuaren arabera, "hauteskunde-barruti bakoitzeko, 25 legebiltzarkide aukeratuko dira"; 25 Araban, beste hainbeste Bizkaian eta Gipuzkoan, 75 legebiltzarkideez osatua baitago Gasteizko parlamentua. Usurbildarrek, beraz, Gipuzkoako 25eko parlamentariak osaturiko ordezkaritza erabaki ahalko dute boto bidez apirilaren 21ean. 

Eskaera Correosen
Egun horri begirako prestaketa lanak abiarazi dituzte. Hauteskunde kanpaina apirilaren 5etik 19ra izango da. Lehenago jakinaraziko dituzte hautagai-zerrendak. Baina beste ezer baino lehen, posta bidezko botoa eskatzeko epea zabalik duzue apirilaren 11ra arte. "Euskadin bizi diren edo aldi baterako Estatuan edo atzerrian bizi diren pertsonek" eskatu ahalko dute Correoseko bulegoan edota online correos.es bidez. Eskaera egin ahala, apirilaren 1etik 14ra jasoko ditu eskatzaileak, modalitate horretan botoa emateko beharrezko dokumentu eta boto-paperak. Baliabideok jaso ahala, dokumentazioa eta botoa Correoseko bulegoan aurkezteko apirilaren 17ra arteko epea izango dute eskaera egin dutenek.

Atzerrian bizi direnak
Aldi baterako nahiz modu iraunkorrean atzerrian bizi direnek ere boto eskubidea bermatua izango dute, ohi bezala, apirilaren 21ean ere. Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, aldi baterako atzerrian bizi diren "pertsona horiek jada inskribatu daitezke “ez-egoiliar” gisa Kontsuletxeko Matrikula Erregistroan", martxoaren 23a baino lehen. Gero, "egoiliarrak posta bidezko botoa eskatzeko inprimakia jaso dezake Kontsuletxean, edo Eusko Jaurlaritzaren https://euskadi.eus webgunetik, edo Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren webgunetik ere jaits dezake. Eskaera egin ondoren, Hautesle Erroldaren bulegoak posta ziurtatuaren bidez bidaliko ditu dokumentazioa eta boto-paperak, hautesleak ere posta ziurtatuaren bidez bidal ditzan Euskadiko bere hauteskunde-mahaira martxoaren 26tik apirilaren 17ra bitartean".

Modu iraunkorrean atzerrian bizi direnen kasuan, aldiz, Euskadiko hauteskundeetan lehenengo aldiz, eta LOREG lege organikoaren 75. artikulua aldatu izanaren ondorioz (boto erregutua), modu iraunkorrean atzerrian bizi diren eta CERA-AEHEn inskribatuta dauden pertsonek, automatikoki jasoko dute dokumentazioa etxean eskatu beharrik izan gabe", martxoaren 16tik 22ra, hilaren 27tik 31ra boto-paperak. Gero, Kontsuletxera helarazi beharko dute posta ziurtatuaren bidez edo Kontsuletxeko hautetsontzian sartu, apirilaren 13tik 18ra.