Asteburuko eskubaloi partida ia denak, bertan behera

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 28a, 10:19

Usurbil K.E.-tik ohartarazi dutenez, asteburuan Oiardo kiroldegian jokatzekoak ziren eskubaloi partidak bertan behera utzi dituzte.

Usurbil Kirol Elkartetik ohartarazi dutenez, astebururako iragarriak zituen eskubaloi partida ia denak, bertan behera geratu dira. Bakarra jokatuko dela berri eman dute, senior mutilena, etxetik kanpo, larunbat arratsaldeko 15:30etan Gasteizen, Corazonistas taldekoen aurka. Gainerako neurketak jokatu gabe geratuko dira.

Usurbilgo eskubaloi taldeen bilgunetik aditzera eman dutenez, "Gipuzkoako Lehiaketako Federaziotik aipatu digute, aste honetako jaurdunaldia bertan behera uztea erabaki dutela, azkenaldian epaileek jasotako indarkeriagatik. Hori dela eta, etxeko partida guztiak ez dira jolastuko", jakinarazi dute.

Hau guztia azaltzen duen komunikatua plazaratu du Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak:


Adierazpena

Joan den otsailaren 17an, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak antolatutako partida batean, entrenatzaile batek arbitroari egindako erasoaren ostean, hurrengo egunean, Gipuzkoako Federazioko presidenteak, WhatsApp bidez, komunikatu bat bidali zien Gipuzkoako klubetako presidente guztiei, euren entrenatzaileei epaileekin errespetu handia izateko eskatuz, besteak beste.

Horrez gain, astelehenean, hilak 19, Euskadiko hiru lurralde federazioek eta Euskadiko Federazioak agiri ofizial bat idatzi zuten arbitraje-estamentuari argi eta garbi babesa emanez eta otsailaren 17an gertatutako egoera tamalgarriak saihesteko neurriak hartzeko konpromisoarekin.

Joan den ostiralean, Gipuzkoako arbitraje-estamentua bildu zen egoera aztertzeko, eta egiaztatu zuten epaileek duten beldur eta ondoeza, batez ere gazteenek edo esperientzia gutxien dutenek askotan izaten duten kalteberatasun-egoera.

Hala eta guztiz ere, joan den asteburuan, gutxienez 6 partidetan, arbitraje-kolektiboari eraso egin zaio berriro, ez fisikoki, baina bai hitzen bitartez.

Gipuzkoako Federazioa atzo bildu zen haiekin, aurretik aipatutako guztia aztertzeko, eta epaileek eskatuta, haiekin batera erabaki du datorren jardunaldia, martxoaren 3a, bertan behera uztea, Federazioak antolatutako lehiaketa osoan, indarkeria-mota guztiak aho batez gaitzesten direla adierazteko. Laster informazio zehatza bidaliko dizuegu, kategoriaren arabera, etendako jardunaldia noiz eta nola berreskuratuko den azaltzeko.

Eskubaloiko Euskal Federazioaren laguntza eta konpromisoa dugu eskubaloiko edozein motatako indarkeriaren aurka elkarrekin lan egiten jarraitzeko, bai federazioetatik, bai astero CTAk elkarrekin egiten duten lanetik. Erabaki hau Gipuzkoako Aldundiko Kirol Zuzendaritzak ere bermatzen du, eta bere babes eta lankidetza osoa helarazi digu gure kirolaren esparru guztietan indarkeriaren aurka dugun konpromiso irmoan.

Bertan beheratze honek, gogoeta-jardunaldi bihurtzea nahi dugu. Gipuzkoako eskubaloiaren familia osoak hausnar dezan eta jabetu dadin gure partidetan indarkeriak hartzen ari duen norabidea aldatu behar dela, egungo egoera jasanezina baita.

Era berean, bilera horretan egoera horiek saihesteko ekintzak abiaraztea proposatu zen, esate baterako: protokoloak, araudien aldaketak, prestakuntza... eta gure ustez garrantzitsua da horiek eskubaloiko estamentu guztiekin adostea.

Horretarako, eskubaloiko estamentu guztiei bilera batera dei egingo dizuegu indarkeriaren aurkako batzorde bat sortzeko, martxoaren 13an, asteazkena, 19:00etan, Kirol Etxean (Donostia).

Une erabakigarrian gaude eta hau gure kirolean inflexio-puntua izatea espero dugu. Ezinbestekoa da guztiok jarrera argia eta bateratua izatea indarkeriaren aurrean, horrela gure kirolaz eta haren berezko balioez gozatzeko aukera izan dezagun: errespetua, elkartasuna eta laguntasuna.




Asteburuko kirol hitzorduen agenda
Futbol partidak Haranen

Martxoak 2, larunbata
Haranen:
9:00
Infantil mutilak: Usurbil FT-Ekintza DKE
12:00 Kadeteak: Usurbil FT B-Ostadar SKT C
15:30 Preferente mutilak: Usurbil FT-Sanpedrotarra FT
17:45 Kadete neskak: Usurbil FT-Goierri Gorri FK D

Haranetik kanpo:
9:00
Infantil mutilak, Donostiako Berion: Santo Tomas Lizeoa B-Usurbil FT B
9:00 Infantil neskak, Donostiako Berion: Santo Tomas Lizeoa KE-Usurbil FT
12:45 Kadeteak, Asti Txikin: Zarautz KE C-Usurbil FT
17:45 Jubenilak, Astigarragan: Amara Berri KE-Usurbil FT B
18:00 Jubenil preferenteak, Hondarribiko Ondartzan: Hondarribia FE B-Usurbil FT
19:30 Erregionalak, Martutene: Amara Berri KE B-Usurbil FT B

Martxoak 3, igandea
Haranetik kanpo:
10:30
Kadete neskak, Donostiako Berion: Antigua Luberri BGEKE-Usurbil FT B

 

Pilota partidak
Martxoak 1, ostirala
17:45 Usurbilgo frontoian: Kadeteak 3. Mailan (binaka): Pagazpe (Indakoetxea-Jauregi)-Atxurbide
Infantilak 3. Mailan (binaka): Pagazpe-Atxurbide
Kadeteak 1. Mailan (binaka): Pagazpe (Alejo-Pagola)-Behar Zana 2