Zaparra taldekoek John Wine berpiztu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 29a, 11:32

Zaparrak 'Azalberritzen' izeneko diskoa plazaratu berri du. 'Orbanak iruditan' aurrerapen kantaren ondotik iritsi da  'John Wine' bideoklipa. Mattin Aierbek zuzendu du western kutsuko ikusentzunezkoa eta kantaren grabazioan Pello Artabe abeslariak (Kristonak) eta Ata Romero harmonikajoleak (The Hastelen's)  hartu dute parte.

'John Wine' bideoklipean herritar ugari ikusiko dituzue aktore lanetan. Pertsonaia nagusiaren larruan Mattin Iribar aktorea sartu da. Sheriffa Joseba Aierbe da, eta Karmele Matxain eta Montse Dominguez, sheriffaren laguntzaileak. Sukaldaria Joxemari Alduntzin, harakina Iker Alduntzin eta tabernaria Peio Larrañaga. Pepe Guadix, Ata Romero, Jon Azpiazu, Maite Zubeldia eta Ana Aizpurua ere ageri dira Mattin Aierbek zuzendu duen bideoan.

 

Lan talde zabal bat

'John Wine' kanta, eta disko osoa, Andoaingo Garate Studiosen erregistratua izan da. Martxel Arkarazo arduratu da grabaketaz, nahasketaz eta masterizazioaz. 

Bideoklipa aldiz, Mattin Aierbek zuzendu du eta lan talde zabal bat aritu da bere aginduetara. Koldo A. Gabarain argazki zuzendaria, Jon Santamaria Izko muntaia arduraduna eta kredituen egilea, Rubén Otero eta Alex Varela. Ogeita4-ko kameralariek eta Argilun argitazpen enpresak ere jardun zuten grabaketan.