"Hona Bostekoa!" erakusketa bisitatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 29a, 10:11

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoari lotutako "Hona Bostekoa!" izeneko komiki-bilduma ikusgai duzue egunotan Sutegin.

Iñaki Martiarena "Mattin", Unai Gaztelumendi Arandia, Eñaut Aiartzaguena Bravo, Aritz Ibarra Agirrezabal eta Koteto. Sortzaileon lanon "Hona Bostekoa!" erakusketa bisitatzeko azken egunak dituzue honako hauek. Komiki lanak dira Sutegin ikusgai jarritakoak, guztiak Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzak sustaturiko Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan ondutakoak. 

Euskarazko kultur sorkuntzari bultzada emateko abian jarritako ekimenaren bigarren edizioan aipatu egileek sortutako komiki laburrek osatzen dute ostiralera arte, martxoaren 1era arte ikusgai izango duzuen erakusketa. Arratsaldez, 17:00-19:00 artean irekiko dute Sutegiko erakustaretoa. 

Ikusi ahalko dituzuen lanen artean da, Mattinena. Berea da, iaz Usurbilen egindako egonalditik sortutako "Handantza" lana. Geuretik Sortuak egitasmoa horretan oinarritzen da hain zuzen. Egileak esleitu zaion udalerrian egiten duen aste batzuetako egonalditik herri horretan bertan girotutako sorkuntza lana bideratzen du. Aurreko ostiralean aurkeztu zuen, otsailaren 23an, aipatu erakusketa hau irekitzearekin batera. Gainerako artistek, Amasa-Billabona, Leitza-Berastegi, Bera-Lesaka-Sara-Urruña eta Bergaran egindako egonaldietatik ondu dituzte haien komiki laburrak.