Usurbilgo Udalaren eguneroko jardueraren berri ezagutzeko beste modu bat ere izango da aurrerantzean. Izan ere, bertatik aditzera eman dutenez, kudeaketa lan hau laburbiltzen duen txostenak plazaratuko ditu hemendik aurrera. Horretan hasia da jada, "gardentasunean sakontzeko helburuarekin". Ohar bidez gogorarazi dutenez, "barne funtzionamendu berriarekin batera hasi ziren udaleko sail guztiak kudeaketa txostenak egiten: hainbat hilabetez barne mailan soilik erabili ostean, publiko egiten hasi da orain". Horretarako, Udalaren web orrialdean, usurbil.eus atarian sartuz gero, atal propioa sortu dute, "Kudeaketa txostenak" izenekoa.
Bertan dituzue ikusgai une honetan, Udala egun egituratzen duten hiru lan batzordeen ("Herritarrak", "Lurraldea", "Antolaketa") urtarrileko txostenak. "Herritarra" izeneko batzordeak biltzen ditu euskara, gizarte zerbitzuak, kirola, hezkuntza, parekidetasuna, aniztasuna eta udaltzaingoa; "Lurraldea" izenekoak, ingurumena, hirigintza, obrak eta zerbitzuak; eta, azkenik, "Antolaketa" deritzonak, osasuna, idazkaritza, pertsonalgoa, administrazio elektronikoa eta komunikazioa. Udaletik oroitarazi dutenez, "horren helburu nagusia sailen arteko komunikazioa eta elkarlana hobetzea da. Izan ere, aurreko legealdira arte, sail bakoitzak bere batzorde informatzailea egiten zuen; orain, nork bere sailean lan egiten jarraitzen badu ere, batzorde informatzaile zabalago horietan biltzen dira, elkarren berri izan eta elkarlana errazteko helburuarekin".
Aurrerantzean, txosten hauek hilero aipatu atarian plazaratuko dituela iragarri du Usurbilgo Udalak, batzorde informatzaileetara eraman ostean. Beti, aurreko hilabeteko datuak bilduko ditu. Orain, urtarrileko txostenak dituzue ikusgai iazko abenduko datuekin; laster, otsaileko txostenak ikusgai izango dituzue urtarrileko xehetasunekin eta hala egingo dute aurrerantzean, hilero hiru txosten kaleratuko ditu Udalak.