Gutxienez 45 eragileek bat egin dute biharko lehen sektorearen mobilizazioarekin

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 29a, 14:43

Traktoreak bidera aterako dituzte "Gipuzkoako lurra esnatzeko egun" gisa definituriko martxoaren 1eko protestan. Hiru zutabe abiatuko dira beste hainbeste eskualdeetatik. Haietako batek Urbil izango du geltoki. Guztiek, Donostia lehenik eta gero, Gipuzkoako Batzar Nagusiak helmuga.

45 eragileek gutxienez bat egin dute, Gipuzkoako lehen sektoreak ostiral honetan egingo duen mobilizazioarekin. "Martxoak 1, Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna" izango dela iragarri dute. Traktoreak berriz bidera aterako dituen protesta ekimen honen deitzaileak Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA) eta Gipuzkoako Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE) izango dira, Gipuzkoako Baso Elkartearekin batera.

Deialdiarekin bat egin dutenen artean dira, Nekatur, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundea, herrialde mailako txaroles, txekor gizentzaile, mendiko behor, untxizain, latxadun, pottokazale, astozale, betizu arraza, terrena arraza edota larrabehi elkarteak. Haiekin batera, bertan ekoiztutako edarien sektoreak ere bat egin du; Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Euskal Sagardoak, Fruitelek, Getariako Txakolinak, Euskal Esnekigileek.

Haiekin batera, BaskEgurrek, Basoa Fundazioak, Artzai Gazte elkarteak, Latxa Esneak, Euskaberrek, Herri Behi Elkarteak ere atxikimendua adierazi diote biharko mobilizazioari, baita Abelur nekazaritza zerbitzuak, Lurgintzak, Nekaturrek, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak. Arrantza sektoretik, Garelak, Gipuzkoako Arrantzaleen kofradiak, Opeguik. Baita UC kontsumitzaileen elkarteak ere. Hiru zerbitzu enpresa ere badaude tartean, Lasturko SL, Epea Pentsu Etxea eta Giabeko abere zerbitzuak, bi udal (Abaltzisketa eta Itziarkoa), edota emakumeen bi elkarte; Hitzez baserriko emakumeen elkartea eta EBEL.

Eta gehiago izan daitezke. Izan ere, ostiral honetan, "lurraldeko nekazari, abeltzain eta baso jabe guztiak deitzen ditugu martxoaren 1eko mobilizazioan parte har dezaten", deitu dute.

"Gure lehen sektorea oso egoera larrian dago"
Antolatzaileen esanetan, "gure lehen sektorea oso egoera larrian dago eta, honenbestez, ñabardurak alde batera utzita, behar-beharrezkoa da, lehen sektore osoa bat eginda agertzea, Gipuzkoako gizarteak gure aldarria entzun eta bereganatu dezan". Nabarmendu dutenez, lehen sektorearen batasuna lehenetsi nahi dute, modu horretan, "indartsuagoak garelako".

Mobilizatzera deitu dute, "lurraldeko baserritarrak eta baserriko ogibidea babesteko eta gure eguneroko lana erraztu beharra defendatzeko. Gipuzkoar guztiei egiten diegu deia, bere parte hartzearekin, baserriaren aldeko konpromezua azaldu dezaten". Gogorarazi dutenez, "martxoak 1 izango da Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna. Zure partehartzea nahi eta behar dugu, gonbidatua zaude, zu eta Gipuzkoako gizarte osoa". 

Zutabeetako bat Usurbildik
Gipuzkoako lehen sektore osoa deitu dute martxoaren 1eko mobilizazioan parte hartzera. Eskualdez eskualde Donostiaraino traktore eta ibilgailuak bidera aterako dituzte. Hiru ilara edo zutabe osatuko dituzte eta haietako batek udalerri hau zeharkatuko du. Izan ere, Urola Kostatik, Oriotik abiatuko dira hainbat traktore eta Urbilgo aparkalekura etorriko dira.

Beste zutabeetako batek Goierri eta Tolosaldea zeharkatuko ditu eta Andoaindik Donostiara helduko da. Azkena, Oarsoaldetik abiatuko da. Gero, denak Donostian elkartuko dira. Hiriburuko kaleak igaro ostean, Illunbetik gora Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian elkartuko dira.

Bertan, ekitaldi batean manifestua irakurriko dute eta dokumentu hau gero erakunde horretan ordezkatuak dauden alderdi politikoetako ordezkariei helaraziko diete. Bertara joateko deia egin dute. "Batzar Nagusietan bertan egingo den elkarretaratzean ahalik eta jende gehien biltzea espero dugu eta honenbestez, ibilgailu ilaran parte hartuko ez duen jendea, Batzar Nagusietako elkarretaratzean parte hartzea deitzen dugu, bertan irakurri eta entregatuko baitzaie, Gipuzkoako lurraldean dauden alderdi politiko guztiei, gure artean adostutako dokumentua. Beraz, esan bezala, Gipuzkoako baserritar guztiei egiten diegu deia, nahiz nekazari, abeltzain zein basozaleak, izan, martxoaren 1eko mobilizazioan parte har dezaten".


"Martxoak 1, lurra esnatzeko eguna"
Eguna: martxoak 1, ostirala.
Hiru zutabe, hiru ibilbide:
1-Lehen zutabea: Goierri-Tolosaldea-Andoain:
8:30 Legorretako tren geltokiko aparkalekua.
9:00 Tolosako Artzabaltza poligonoaren sarrera.
10:00 Andoaingo Petromiralles gasolindegia.

2-Bigarren zutabea, Urola-Kosta-Urbil merkatalgunea:
9:00 Orioko Ubegun poligonoa.
9:45 Urbil merkatalguneko aparkalekua.

3-Hirugarren zutabea, Bidasoaldea-Donostialdea-Garbera merkatalgunea:
9:00 Oreretako Masti Loidi poligonoa.
9:30 Garberako aparkalekua.

Gero, denek Donostiako kaleak zeharkatuko dituzte.
Ondoren, ibilgailu guztiak Ilunbetik gora Gipuzkoako Batzar Nagusietara joko dute.
12:00 Mobilizazioko parte hartzaileak elkartuko dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
12:30 Ekitaldia Gipuzkoako Batzar Nagusietako eraikinaren patioan: manifestuaren irakurketa eta dokumentu hori Gipuzkoako alderdi politiko guztietako ordezkariei helaraziko diete.