Gazte Eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 1a, 08:35

Gazte Eguna antolatu du Aztarrika Gazte Asanbladak larunbaterako, martxoaren 2rako, “herri bizi bati deika, egin Aztarrika aldarripean.

 

2022ra arte azaroan antolatzen zenuten Gazte Eguna. Iaz ez zen ekimen hau egin. Martxoan dator aurtengoa. Zerk eragin du data aldaketa?
Gazte Eguna azaroan ospatu ohi izan dugu, ikasturte hasierarekin batera. Aurten, Gazte Eguna antolatzen hasi aurretik, beharrezkoa ikusten genuen gazteei parte hartzeko deia luzatzea Aztarrika Gazte Asanblada berpizteko eta talde sendo bat sortzeko. Horretarako, moskeokanpaina bat eraman genuen aurrera, gazteak antolatu ezean Gazte Egunik ez dagoela adierazteko. Aldi berean, aurtengo ikasturte hasiera oso berezia izan da. Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatutako Baterajotzearekin eta azaroaren 30eko Zaintza Grebarekin oso lanpetuta egon gara herriko eragile asko. Beraz, Gazte Egun indartsu bat antolatzeko erabakirik onena data martxoara mugitzea izango zela ikusi genuen.

Eragile ezberdinek artikulaturiko gazte mugimenduak antolaturikoa izango da Gazte Eguna ezta? Elkarlan hau zertan zaizue onuragarria?
Gazte Eguna Aztarrika Gazte Asanbladak antolatzen du. Hala ere, argi dugu herriko eragile ororen elkarlana beti dela aberasgarria. Talde ezberdinen parte-hartzeak herriko errealitatearen ikuspegi osoago bat izatea ahalbidetzen du. Horren adibide nagusia dugu geroz eta forma gehiago hartzen ari den Elkargunearen prozesua. Gazte mugimenduko eragileon elkarlana oso handia da eta urte osoan zehar ekimen ezberdinak antolatu ohi ditugu, elkarren artean saretzeko eta gazteon problematikei are eta indartsuago aurre egiteko. Horren adibide izan ziren kontsumoaren inguruan antolatutako gabonetako Gazte Topaketak. Eragile bakoitzak bere ekarpena eginez, egitarau borobil bat eraman genuen aurrera, hausnartzeko zein euskal kulturaz gozatzeko espazioarekin. 

Kafe Tertulia, Ernai, Aztarrika eta Xauxar, bere baitan hartzen dituen gazte mugimendua hamaika egitasmotan murgildua egoten da urtean zehar. Azken aldian, zertan zabiltzate?
Ez dugu deskantsurako tarte handiegirik izan orain arte, egia esan. Kafe Tertulia Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzearen antolaketan eta Greba Feminista Orokorrean murgilduta egon da hasiera hasieratik. Aipagarria da bi hauek ekarri duten feminismoaren baitako aktibazioa Usurbilgo gazteriarengan. Orain, mugarri hauetatik ateratako fruituak jasotzea dagokigu. Aztarrika, berriz, birdefiniketa fase batean aurkitzen da. Gazte Egunera begira aurrelanketa indartsu bat aktibatu genuen lehen lauhilekoan eta ostean, gabonetako topaketen antolaketan aritu gara buru-belarri. Santixabelei begira jarriak gaude jada eta pixkanaka Xauxar Txosna Batzordea aktibatzeko lehen bilerak aurrera eramaten hasi gara. Azpimarragarria da, baita ere, Usurbilgo Elkarguneak eta honen diseinurako sortu diren eragileen arteko parte-hartze eta elkarlan espazioek asanbladarentzat daukaten garrantzia momentu honetan. Espazio baten beharra aldarrikatzen daramagu urte askoz. Orain dugu aukera! Ernaiko taldekideok berriz, mugimendu sozial ezberdinen mugarrietan buru-belarri pasatu dugu lehen lauhilekoa, eta orain, gazteon bizi-baldintza duinen nolakotasuna plazaratzen jarraitzeko asmoa daukagu iaz abiatutako gazteon osasun mentalaren inguruko dinamika berrartuz. Udaberriko ekimenari ere, aurten Lezon izango dena, garrantzia berezia eman nahi diogu. Iaz, herriko gazte ugari elkartu ginen Elorrion independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren aldarripean. Bada aurten gehiago izango gara!

Gazte Egunak zer ekarpen egin nahi dio herriari?
Gazte Egunak Usurbilgo gazte eta ez hain gazteentzat erreferentziazko unea izan nahi du. Une edo momentu bezala kalifikatu nahi dugu, praktikan ez dugulako Usurbilgo gazteriak Gazte Eguna jendarte/militante zehatz batzuekin, egitarau zehatz batekin, espazio zehatz batzuekin… lotzerik nahi, gazteok antolatzeko, saretzeko eta aldarrikatzeko baliatzen dugun momentuarekin baizik, ezein izanik ere honek hartzen duen forma. Bestalde, Gazte Egunak Usurbilgo gazteria antolatua eta ez antolatua elkarrizketan jartzea bilatzen du aurten. Gazte mugimenduak eraldaketa etengabean bizi diren eragileak izaki, kide berrien parte hartzea ezinbesteko elementua da, jarraikortasun bat bermatu ahal izateko. Aurtengo Gazte Egunean dei egin nahi diogu herriko gazteria zabalari: gurea, herriko gazteona da eraldaketarako agentzia, eta gazte mugimenduak berriz, horretarako ditugun tresnarik baliagarrienak. Antola gaitezen!

Aisialdia bizitzeko modua nabarmen aldatu da urteotan. Egun honek gazteen topagune gisa ere badu aparteko garrantzia?
Azken urteotan ikusi dugun indibidualizaziorako joera neoliberala sekulakoa izan da, gizartea geroz eta atomizatuagoa dago bizitzako esparru guztietan. Joera honen bidez, geroz eta zapalduago gaude eta geroz eta tresna gutxiago ditugu aurre egiteko. Aipatu bezala, kolektibotasuna eta antolakuntza dira eraldaketarako ditugun tresnarik handienak, eta batez ere, herri bizi baterako pizgarria. Bakanduta eta isolatuta nahi gaituzte, eta guk, inertzia hori hautsi eta kaleak hartzeko eta modu kolektiboan pentsatzeko deia egingo dugu Gazte Egunaren bidez. Egun honek herriko gazteria bizi eta parte-hartzailea izateak duen indarra argitara ateratzea du helburu.

Zeintzuk dira edizio honetan plazaratu nahi dituzuen aldarriak?
Aurtengo Gazte Egun honek aldarri nagusi bat du: “Herri bizi bati deika, egin Aztarrika”. Azaldu dugun bezala, herri bizi bat behar dugu, gazteria aktiboa duena eta lurrak harrotzen eta kontzientziak astintzen jardungo dugu hori lortzeko. 

Zer nolako eskaintza dakar aurtengo Gazte Egunak?
Gazte Eguneko eskaintza egun osokoa izango da. Goizetik, aisialdi formatu batetik, gazteok hausnartzeko espazioa sortu nahi dugu, oka-jolas berezi baten bitartez. Betiko mahainguru formatutik at, esperientziak eta iritziak beste modu batera ere partekatu daitezke, eta horretara goaz. Ondoren, euskal kulturaz gozatzeko aukera aparta izango dugu. Arratsaldean, Aztarrikant-ekin batera euskal kantuz beteko ditugu herriko kaleak. Urteroko moduan, gazte afaria egingo dugu Askatasuna plazan, eta ondoren, kontzertuak egongo dira. Aurtengoa ere ez da egitarau makala, ilusioz eta Usurbilgo gazteria zabalarengan pentsatuz egina. Gogotsu gaude. Egun osoko ekintzetan parte-hartzeko gonbita luzatu nahi dugu, egunak zentzua izan dezan eta helburuak bete daitezen ezinbestekoa baita. Afariko txartelak Txirristra eta Aitzaga tabernetan egongo dira salgai, 12 eurotan, otsailaren 27ra arte. Menu bereziren bat behar izanez gero, gure sare sozialetara idatzi mesedez.

Zein dago deitua egun horretan parte hartzera?
Aurretik ere aipatu dugu behin baino gehiagotan. Ekintza honetara Usurbilgo gazte oro dago parte hartzera deitua, herri bizi, euskaldun eta feminista batean sinesten duen gazte oro. Anitzak dira egitarauan parte hartzeko moduak, eta anitzak bertan ekarpena egitekoak ere, eta guztiak dira ongi etorriak. Azken aipu bat. Aurtengo Gazte Eguna ere espazio seguru bat izatea denon ardura da eta arreta berezia jarriko diegu jarrera erasokor edota diskriminatzaile orori. Ez gara nazkatuko hau esateaz: Usurbilen ez ditugu jarrera sexista, homofobo, transfobo edota arrazistak inolaz ere onartuko. Egoten ez badakizu, ez zaitez etorri. 


Gazte Eguna

Martxoak 2, larunbata
11:30 (D)Oka jolasa.
Ondoren, marianitada.
18:30 Aztarrikant.
20:30 Gazte afaria.
00:00 Kontzertuak: Zaparra, Xsakara, Dj Fresa Morango.

Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.