Haizeagatik eta Andatza gaina zuritu dezakeen elurragatik, abisu horian asteburuan

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 1a, 08:00

Negu giro beteko asteburua datorkigula ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Euri-jasak, haizea, hotza... Egokitzen den moduan, negu giro betean gara egunotan. Asteburuan berdintsu segiko dugu. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, larunbat goizaldeko 6:00etan hasi eta eguerdira arte haizeagatik abisu horiaren eraginpean izango gara. "Haizeguneetan hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan hego-mendebaldeko haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izango dira", aipatu meteorologia agentziaren arabera.

Haizeari lotutako abisu horia bertan behera utziko duten ordu berean aktibatuko dute elurrari lotutakoa, larunbat eguerdiko 12:00etan hasi eta 24 orduz, igande eguerdiko 12:00ak arte. Euskalmet-ek iragarritakoaren arabera, larunbat goizean 1200-1300 metro inguruan zuritu dezake, baina orduek aurrera egin ahala ziztu bizian beherago zuritu dezake. Hala, larunbat arratsaldean, 600-900 metro artean zuritu dezake. "Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak eta txingorra bota ditzake", ohartarazi du Euskalmet-ek. 600 metrotan 3 zentimetroko lodiera har dezake elurrak.

Igande goizaldean, gainera, noizbehinka 500 metrotan ere zuritu dezakeela iragarri dute. Honenbestez, Andatza gainean ere elurra egin dezake. "Goizaldean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake", gaineratu du Euskalmet-ek. Igande goizetik aurrera, elurra gora egingo du. Egunean zehar, "euri txiki-ertaina egingo du, bereziki Kantauri isurialdean; gauean atertzera egingo du".

Negu giroko asteburua
Testuinguru honetan, ostiral honetan, martxoaren lehenean Usurbilen, "goizean zerua tarteka hodeitsu egongo da; egunaren bigarren partean hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua oso hodeitsu geratuko da. Arratsalde-gauean euri txikia egingo du, ertaina izan daiteke. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; goizean hego-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Larunbatean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, bereziki egunaren bigarren partean. Arratsalde-gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Arratsaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira; egunaren amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".

Igandean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; arratsalde-gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; arratsaldean atertzera egingo du. Goizaldean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean baretu eta aldakor ibiliko da, eta gauean hego-osagaia nagusituko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.