"Lehen sektorea, lehenetsi!"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 1a, 12:40

Gipuzkoako lehen sektoreak goizean egindako mobilizazioko irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Urbilen egin dute geldialdietako bat. Bizi duten egoera larria salatu eta haien jarduera lehenestea eskatu dute.

Hirugarren sektorea, zerbitzuena, oinarrizkoena den lehenengoak inguratua. Bi aste pasatxoko tartean, bigarrenez ikusi ahal izan dugu Urbil merkatalgunea traktoreez inguratua. EHNE eta ENBA sindikatuek Baso Elkartearekin eta berrogeitik gora eragileren babesarekin protesta eguna deitu dute gaurko Gipuzkoan. Lehen sektoreak egunerokoak dituen jarduerak utzi eta bidera irten dira, kinka larrian direla ohartaraztera. 

Hiru zutabe abiatu dira beste hainbeste eskualdeetatik; bat Goierri eta Tolosaldeatik, bestea Oarsoaldetik, eta azkena, Urola Kostatik. Zutabe honek Urbil merkatalgunean egin du, Donostiara abiatu aurreko azkeneko geltokia. 

Otsailaren 12an, baserritarrek haiek sare sozialen bidez egindako protesta egunean ikusitako hainbat aldarri hedatu dituzte lehen sektoreko langileek garraiatzen ari ziren traktore eta ibilgailuetatik. Ikurriña artean irakurri ahal izan dugu, baserritarrik gabe ez dugula elikagairik, ezta etorkizunik ere. "Baserria bizirik, herriaren tripa beterik", zioen aldarrietako batek. Prezio duinen eske ere irten dira protestara.  

Baserria bizirik nahi dute, eta horretarako, Gipuzkoako lehen sektore hau lehenestea galdegin dute ostiral goiz honetan.

Urbilen hamarnaka traktore eta ibilgailu batu dira eta hamaikak pasatxoan, Gipuzkoako hiribururantz abiatu dira. Han elkartzekoak ziren herrialde mailan goizean goiz osatu diren beste bi zutabeekin. Denak batera Donostia erdiguneko kaleak zeharkatu eta Miramonera, Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzara joatekoak ziren, eskuartean zuten dokumentua irakurri eta batzarkideei helaraztera.