Usurbil Palestinarekin

Gernika-Palestina Herri ekimenaren deialdiekin bat egin du udalbatzak ere

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 2a, 14:26

Eguerdian egin den "2 ordu Palestinarekin" mobilizazioarekin bat egin dutenen artean zen Usurbilgo EHBildu. Koalizioak gai honi buruzko mozioa aurkeztu zuen osteguneko osoko bilkuran. Gehiengo osoz onartu zuten.

Palestinako genozidioa geratu eta palestinar herriaren askatasunaren alde mobilizatu dira larunbat eguerdian hainbat herrikide eta herri eragile frontoian. Bi orduz, txandaka hainbat herri eragileek parte hartu dute Palestinaren aldeko herritar taldeak deitutako mobilizazioan. Haien artean zen Usurbilgo EHBildu. Koalizioak gai honi buruzko mozioa aurkeztu zuen ostegunean, otsailaren 29an egindako osoko bilkuran.

Gaurko protesta ekimenean agertu moduan, Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako elkartasun aktiborako mobilizazio hauekin bat egiten du testu horrek. "Gazan ikusten ari den suntsipen mailak ez du aurrekaririk, egundoko giza tragedia da. Genozidioa da. Nazio Batuek proportzio epikoko hondamendi humanitario gisa deskribatu dute", dio mozioak.

Testuak salatu moduan, gutxienez 25.000 pertsona hil dituzte Israelgo bonbardaketetan. Gutxienez, Gernika-Palestina herri ekimenetik kopuru hori erakarri nahi dute mobilizatzera, helburuokin: Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaileen aurrera eramatea, laguntza eta elkartasun proiektuak sustatzea Gazan edota Palestina ikusgarri egitea, kartel eta banderolak jarrita lantoki, saltoki edota bizilekuetan.

Setioa eta bonbardaketak eteteko eskaera
Udalak ere gauza bera egingo du; Palestinako bandera zintzilikatuko du udaletxean. Mozio honen bidez, gainera, Udalak "6.000 €-ko diru ekarpena egingo dio Mundubat GKEri, Gazako herritarrei proiektuak bideratzen laguntzeko". Osoko bilkuran bertan, alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez, Aniztasun Sailetik larrialdi humanitarioetarako gordea duten 10.000 euroko partidatik helaraziko diote aipatu diru kopurua Mundubat elkarteari.

Udalbatzak gehiengo osoz onarturiko testuak hainbat eskaera ere egiten ditu; batetik, palestinarren aurkako okupazioa, "setioa eta bonbardaketak bertan behera uztea, bai eta laguntza humanitarioa sartzen dela bermatzea eta korridore humanitarioak berehala irekitzea ere". Era berean, premiazkotatz jotzen du mozioak, "elkarrizketa-prozesu bat abian jartzea, bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko, okupazioaren amaiera eta Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea bermatuz. Hori guztia Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak betetzean oinarrituta".

Aipatu moduan, segidan duzuen mozioa gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak EHBildu eta PSE-ren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen, testuarekiko adostasuna agertu arren, sufrimendua toki guztietan dagoela argudiatuz.


MOZIOA
Gernika-Palestina herri ekimenak Elkartasun Aktiboa izeneko iniziatiba martxan jarri berri du. Ekimenaren aurkezpenean adierazi zutenez, zoritxarrez, dagoneko 25.000 pertsona hil dira Israelgo okupazioaren bonbardaketak hasi zirenetik eta sarraskiak, tamalez, ez du etenik. Hildakoek izen-abizenak dituzte eta askotan islatzen den hildakoen “anonimotasun” hori salatzeko, ELKARTASUN AKTIBOA izeneko kanpaina jarri dute martxan, gutxienez, 25.000 pertsonek parte har dezaten honako helburuekin:

1) Ekarpen ekonomikoa ematea izango da, batetik, Benjamin Netanyahu nazioarteko epaitegien aurrean eramateko eta, bestetik, Gazako herritarrei Mundubat euskal GKE-ren bitartez proiektuak bultzatzeko honako kontu korrontearen bitartez: ES0530350083240830140015 (Laboral Kutxa)

2) Gutxienez, 20.000 pertsonok Palestinako bandera eta kanpainaren karteltxoa denda, etxe, ikastetxe, auto edota enpresetan jartzea formatu desberdinetan.

Usurbilgo EHbilduk bat egin du ekimenarekin eta Usurbilgo Udalbatzari gauza bera egiteko eskatzen diogu, mozio honen bidez.

Izan ere, egoera jasanezina da. Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren gogortze izugarria gertatzen ari da. Hamasek urriaren 7an egindako erasoak, Israelgo indar armatuek Gazari ezarritako blokeo, bonbardaketak eta era guztietako erasoak horren isla mingarriak dira. Hildakoen kopuruak gora egiten du etengabe, eta Israelek proklamatu duen erabateko gerra-deklarazioak eta bere gobernuak iragarritako oinarrizko horniduren blokeoak muturreko zaurgarritasun-egoeran utzi ditu Gazako herritarrak. Ezin ahaztu, gainera, Gaza hainbat hamarkada daramala setiopean, Israelek palestinarren lurrak legez kanpo okupatzearen ondorioz.

UNRWAk (Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) baieztatzen duen bezala, Gazan ikusten ari den suntsipen mailak ez du aurrekaririk, egundoko giza tragedia da. Genozidioa da. Nazio Batuek proportzio epikoko hondamendi humanitario gisa deskribatu dute.

Arestian aipatutako guztiagatik, Usurbilgo Udalak:

1. Gernika-Palestina Herri ekimenak abiatutako “Elkartasun aktiboa” ekimenarekin bat egin eta 6.000 €-ko diru ekarpena egingo dio Mundubat GKEri, Gazako herritarrei proiektuak bideratzen laguntzeko.

2. Usurbilgo udaletxeko balkoian Palestinako bandera zintzilikatuko du.

3. Eskatzen du Gazako Lerroaren eta Palestinako lurralde guztien gaineko setioa eta bonbardaketak bertan behera uztea, bai eta laguntza humanitarioa sartzen dela bermatzea eta korridore humanitarioak berehala irekitzea ere.

3. Uste du bake justu eta iraunkorrak herri palestinarraren aurkako okupazioa amaitzea eskatzen duela.

4. Premiazkotzat jotzen dugu elkarrizketa-prozesu bat abian jartzea, bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko, okupazioaren amaiera eta Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea bermatuz. Hori guztia Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak betetzean oinarrituta.